Larunbateko plana, flamenkoa

Flamenkoa izan da asteburuko protagonista. Egun kulturala antolatu dute Semblante Andaluzek eta FARAE Garcia Lorca elkarteak. Gitanillas del Alba, Zambra eta Malagako 'Cuadro Flamenco' aritu dira kultur etxean

Flamenko doinuek ireki dute azaroko kultur agenda. Lasarte-Oriako Gitanillas del Alba eta Zambra eta Malagako Cuadro Flamenco aritu ziren kultur etxean atzo arratsaldean. Egun kulturala antolatu zuten Semblante Andaluzek eta FARAE Garcia Lorcak (Euskal Herriko andaluziar etxeen elkartea da). Dantza eta kantu ikuskizunaren aurretik, herriko elkartearen paella ospetsua jan zuten, Atsobakar auzoan daukaten lokalean. 

Herriko dantza taldeek ireki zuten egitaraua. Gitanillas del Albako dantzari gazteek gero eta trebeagoak direla erakutsi zuten. Ondoren, Zambra aritu zen, hogei bat minutuz, euren errepertorioko dantza onenak eskainiz. Arratsaldeko ekitaldi nagusirako motorrak berotu zituzten. Malagatik etorri zen Cuadro Flamenco taldea, eta ordubete inguruko ikuskizuna eskaini zuen, musika eta dantza uztartuz. Bete egin zen kultur etxeko auditorioa.

Urriko arantzatxoa atera dute Semblante Andaluzeko kideek. Aste Kulturaleko azken egunean Los primos a compas de flamenkito taldea zen etortzekoa, baina eguraldi txarra tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten emanaldia; flamenkoaz gozatu gabe geratu ziren orduan.

Argazki galeria