Ekitaldi berezi ugari azaroko kultura agendan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 30a, 18:00
Ohikoak diren Lasarte-Oriako akordeoi jaialdia, Literatur lehiaketako sari banaketa, Santa Zezilia eguneko kalejira edo Azaroaren 25aren barruko ekintzak nabarmentzen dira azaroko kultur agendan, baita Itsasoari buruzko zine ziklo berria ere

Flamenko ikuskizun batek emango dio hasiera azaroko kultur agendari.  Larunbatean, Zambra dantza taldea eta Malagako koadro flamenkoa izango dira Manuel Lekuonako areto nagusian.  

Zurmailu zur-lanketa elkarteko kideen lanak ikusteko aukera izango da, azaroaren 9tik 18ra, Mercero aretoan. “Kalitate handiko lanak ikusi ahalko dira”, adierazi dute kultura arloko arduradunek.

Zineak presentzia handia izango du hilabete honetan. Astebururo haur eta helduen zinema izango da.

Berrikuntza bat izango da arlo honetan, Itsasoari buruzko zine zikloa. Okendo zinema taldearen eskutik, azaroaren 15tik 17ra, itsasoa eta gizarte egoera uztartzen dituzten film eta dokumentalak ikusi ahalko dira: “Elkarrekin: together”, “Sitio distinto” eta “Arte al agua”.  Horien egile edo ekoizleekin hitz egiteko aukera izango da saioetan.

Bestalde, bisita berezia izango dute taldeko kideek zine forum atalean, Fermin Muguruza. Azaroaren 30ean, “Black is beltza” filma aurkeztuko du Manuel Lekuonan.

“Aida” operaren bertsio berezia ere eskainiko da azaroaren 14an. 1985ean, Pavarotti protagonista zela, La Scala De Milanen grabatutako ikuskizuna izango da ikusgai proiekzio digitalen atalean.

Musikari dagokionez, azaroaren 10ean, XV. Lasarte-Oriako akordeoi jaialdia egingo da. Iñaki Dieguezek, Iker Telleriak eta Sabadelgo akordeoi taldeak emanaldi ederra eskainiko dute.

Udal Musika eskolako kideek musikarien zaindariaren eguna ospatuko dute. Azaroaren 22an, herriko kaleak musikaz beteko dituzte haien instrumentuekin.

Etxeko txikiek “Ulisesen bidaia” antzerkiaz gozatu ahalko dute azaroaren 24an. Eta ipuin kontalari saioak izango dituzte  4 eta 5 urte bitartekoentzat, azaroaren 15ean eta 20an Pello Añorgarekin eta azaroan 18an, Kontu Kantoiko lagunek 6 eta 8 urte bitartekoei saioa eskainiko diete.

Lasarte-Oriako Literatura lehiaketako irabazleak ere jakitera emango dira azaroaren 17an.

Eta genero indarkeriaren aurkako eguna dela eta, azaroaren 23an, Emakumeen Zentro Zibikoko antzerki taldeak “La primavera de Antonia” lana eskainiko du.