Bigarren mailako binakako ligaxkan ez dute areriorik izan Ane Arteagak eta Naroa Agirrek. Bikote guztiak nagusitasunez garaitu dituzte, baina finalean ez dute eroso jokatu. Noregehiagoka parekatua izan arren, 14-22 irabazi dute Alaitz Badiolak eta Usue Zubizarretak. "Urduritasunak eragina izan du, gure hutsegiteengatik galdu dugu", kontatu dio Arteagak berak TXINTXARRI-ri.
Gipuzkoako Pilota Federazioak lehen aldiz antolatu ditu emakumeen txapelketak, eta Zestoan jokatu zituzten finalak, ostiral iluntzean. Lehenengo mailako txapelketa ere erabaki zen Zestoan; Urien-Espinar bikoteak eraman zuen txapela.
Edonola ere, txapelketan erakutsitako jokoarekin pozik agertu da Lasarte-Oriako pilotaria. "Nahiko erraz irabazi ditugu ligaxkako partida guztiak, baita finala galdu genuenen aurka ere". Txapelketa eskuratzeko itxaropena bazuten, horrenbestez, baina une erabakigarrian ez dute asmatu. "Oso urduri jarri nintzen. Normalean egiten ez ditudan hutsegiteak egin nituen". Aurrea hartu zuten hasieratik Badiolak eta Zubizarretak, eta are gehiago aztoratu zituen Arteaga eta Agirre. "Beti atzetik aritu ginen, eta ez genuen haiek markagailuan harrapatzea lortu".
Tantuak oso borrokatuak izan ziren, eta, alde horretatik, ikusleek partida orekatuaz gozatu zuten. Baina, tantoak garaileen alde erabaki ziren gehienetan. "Haiek ezer handirik egin gabe irabazi ziguten, guk egin genituen huts nabarmenak".
Bikoteak ez du izan aukera gehiegirik elkarrekin entrenatzeko. Izan ere, Agirre atzelaria zestoarra da, eta partidetan bakarrik jokatu dute elkarrekin. Edonola ere, ongi moldatu dira frontoian. "Lehenengo aldiz jokatu dugu elkarrekin, ez genuen elkar ezagutzen; baina ondo ulertu dugu elkar". 15 urte besterik ez ditu Agirrek. "Indartsu dator, emango du zeresana", esan du Arteagak.
Udako txapelketak
Momentuz alde batera utziko ditu txapelketak Arteagak. Izan ere, Emakume Master Cup binakako txapelketa jokatzeko prest zegoen, baina haren bikoteak, Amaia Vicariok, eskumuturrean min hartu du. Iazko binakako txapelduna da Vicario. "Lehenengo kanporaketa pasa gabe bigarrenean sartzeko aukera eman ziguten, ea horrela denbora ematen zion errekuperatzeko. Baina ez da iritsiko, luzerako baitu". Horrenbestez, litekeena da udako txapelketak iritsi arte ez jokatzea beste partida ofizialik.
Bestalde, Axier Arteaga anaiari antzeko zerbait gertatu zitzaion, profesionaletako binakako txapelketan: une erabakigarrian ez zuen asmatu. Aimar Olaizolaren ordez sartu zen txapelketan, lau hilabeterako frontoitik urrunduta egongo baita goizuetarra. Baina ez zuen ongi aprobetxatu aukera pilotariak: Jon Ander Albisu atzelariak eta berak hutsegite asko egin zituzten, eta 22-15 irabazi zuten Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak.