Gero eta gutxiago falta da maiatzeko udal hauteskundeetarako. Alderdiak zerrendak osatzen ari dira, hautagaiak aukeratzen eta programak egiten. Podemos Lasarte-Oriak iragarri du David Ares Rodriguez izango dela euren alkategaia. Hamar pertsonatik zazpik bozkatu dute haren alde. Ahal Du Lasarte-Oria Puede alderdiko zinegotzia da Ares. 35 urte ditu; 11 zituenean etorri zen herrira, eta bertan bizi da orduz geroztik. Humanitateak eta Komunikazioa lizentziatura dauka, eta hainbat hedabidetan egin du lan erredaktore eta kolaboratzaile gisa. 2015eko maiatzaz geroztik da zinegotzi.
Otsailaren 2an egin zituen hauteskunde primarioak Podemos Lasarte-Oriak. Alkategaia ez ezik, hauteskundeetan aurkeztuko duten zerrendako kideak ere hautatu ditu alderdiak. Hauek izango dira: David Ares, Tania Rodriguez, Miguel Angel Tolosa, Beatriz Aygues, Alexander Pozo, Elena Murillo eta Alejandro Herrero. Hogei pertsonak bozkatu dute hauteskundeetan. Otsailaren 1etik 6ra egin zituen hauteskunde primarioak alderdiak. Estatu osoan 715 prozesu egin dira, eta 6.500 hautagai baino gehiago aurkeztu.
Podemos Lasarte-Oriako kideek esan dute hauteskundeetarako programa prestatzen hasiko direla orain. "Lasarteoriatarrekin eta elkarte eta entitate guztiekin batera" egin nahi dute lanketa. Iragarri dute guztiekin elkartuko direla. Bilera irekiak egingo dituzte hamabostean behin kultur etxeko hirugarren solairuko 3 zenbakidun aretoan, astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara. Bihar egingo dute lehenengoa, eta hilaren 25ean hurrengoa. Alderdiak herritar guztiei egin die gonbita bilera horietan parte hartzeko. Martxoko eta apirileko bilera egunen berri eman du Podemos Lasarte-Oriak: 11n eta 25ean eta 8an eta 22an elkartuko dira, hurrenez hurren.