Zubietako erraustegia eraikitzen ari diren enpresek (Urbaser eta Meridiam dira garrantzitsuenak) sortutako "itzalpeko komunikazio talde bat" arduratu da azpiegiturari buruz hitz egiteko estrategiaz. GuraSOS elkarteak dio proiektuaren aurkako eragileen eragina gutxiagotzea eta oposizioko taldeen aurkako diskurtso bat egituratzea izan direla talde horren helburu nagusiak. Konfidentziala da dokumentu hori, baina GuraSOSek lortu du txostena eskuratzea. Horren berri izan bezain pronto gizarteratu du: ekitaldi jendetsua egin du gaur eguerdian, Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan. Leporaino zegoen aretoa. Otsailaren 23rako (igandea) antolatu duten manifestaziora deitu ditu herritarrak. Esan baietz adostasunari izango da leloa. Promozio bideo bat ere egin dute ekitaldia iragartzeko.
Ingurumen Kultura eta Komunikazio Plana du izena dokumentuak. Estrategia bat garatu du, gizarteak proiektua "atzeraezina" den errealitate gisa ikus dezan, eta "orain arte axolagabeak eta pasiboak" izan diren kolektiboek babesa eman diezaioten. Azpiegituraren onurak nabarmentzeko diseinatutako plana izan arren, egileak kontziente dira proiektuak errezeloa sortzen duela herritarrengan. "Ate irekiak, egokitutako irtenbideak eta herritarren kezkak entzuteko solasaldiak" egitea aurreikusi zuten, GuraSOSek jakinarazi duenez.
Hizkuntzarekin jolastu du komunikazio taldeak erraustegia mozorrotzen saiatzeko. Esate baterako, "hondakinak" kontzeptuari "baliabideak" deitzen diote. 25 orrialde ditu txostenak; segmentu sozialak eta ongi aztertutako jarduerak jasotzen ditu, besteak beste. Iritzi publikoari buruz ere hitz egiten du: "Ongi kudeatuz gero, proiektuari buruzko gatazkak gutxitu daitezke, lanak erraztu eta azpiegitura irudi aktiboan bilakatu". GuraSOSek nabarmendu du "esperientzia asko" dutela komunikazio plana diseinatu duten pertsonek. "1994tik hiri hondakinak kudeatzeko Gipuzkoan sortu diren egitasmo gehienen komunikazio estrategiak diseinatu ditu talde horrek".
Ekitaldia bukatu baino lehen talde argazki erraldoia atera dute auditorioan elkartu diren ehunka pertsonek. Atxikimendu kanpaina bat egiten ari dira, otsailaren 23ko manifestazioaren harira. Herritarrek argazkiak ateratzea nahi dute, hatzak goruntz, "atsegin dut" ikurra egiten. Parte-hartzaileek bidaltzen dituzten irudiak webgunera igoko ditu GuraSOSek.