Zahartzen ez diren instrumentuak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 27a, 18:21

Maladanza taldeak ireki ditu Danok Kide elkartearen XIV. Musika Topaketak. Sefardi komunitateko doinuak ekarri ditu Brigitarren komentura

Behin baino gehiagotan afinatu behar izan zituzten instrumentuak Maladanza taldeko kideek. "Antzinako musika tresnak dira, eta tenperatura aldaketek asko eragiten diete", azaldu zuen musikarietako batek. Asko afinatu behar horrek ez du esan nahi instrumentuek sortzen dituzten doinuak herdoilduta daudenik, ezta gutxiagorik ere. Makina bat urte pasatu dira XI. eta XII. mendeetatik, baina garai horietako musika berdin-berdin iristen da ikus-entzuleen belarri eta bihotzetara. Zarrabetea, salterioa, zitara, flautak eta perkusioak erabiltzen dituzte giro berezi hori sortzeko.

Tradizio sefardian oinarritutako melodiak eta kantuak jotzen ditu Maladanzak. Arestian aipatutako mendeetan oinarritutako kantutegi oparoa daukate: XI. mendeko Liber ordinum, XII. mendeko Codex Calistinus eta XIII. mendeko Llibre Vermell de Monserrat, besteak beste. 2003an plazaratu zuten lehen estudioko lana: Maladanza. Zortzi urte beranduago kaleratu zuten bigarren diska: El campo de Benesat (Benesateko zelaia). Tradizio sefardia eta garai horietako musika uztartzen ditu 17 abestiko lan horrek. Horietako batzuez gozatu zuten lasarteoriatarrek atzo arratsaldean, Brigitarren komentuan.