Haur garaiko ilusioa berritzen

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 26a, 13:45

Txikien lasterketa 18. aldiz egingo dute aurten. Maite Salazarrek eta Andoni Mujikak lehen lasterketa hartan parte hartu zuten; igandean ere jarriko dute dortsala

Duela urte batzuk jo zuen herri lasterketen sukarrak Euskal Herrian; ordutik asko ugaritu dira proba horiek inguruan. Baina lasarteoriatarrek fidel eutsi diote herriko krosari, txikitatik landutako lotura baita haiena. Izan ere, helduek hamar kilometroko ibilbidea amaitu ondoren ehunka haurrek hartzen dituzte kaleak, ia denak Lasarte-Oriakoak, handien antzera ere herriko lasterketaz gozatzeko. Aurten 18. aldia du txikien probak. 

Maite Salazarrek (Lasarte-Oria, 1988) eta Andoni Mujikak (Lasarte-Oria, 1991) lehenengo lasterketa hartan parte hartu zuten, 2001. urtean. Korrika Festa bakarra egin du Salazarrek, eta ongi gogoratzen du urte hartakoa. "13 bat urte izango nituen nik. Atletismoan ibiltzen ginen, eta igandean krosera korri egitera. Urduritasun puntu bat bagenuen". 

Urduritasuna
Mujikak egin ditu Kros Txiki gehiago, eta lehenengo hartaz ez du oroitzapen zehatzik. "Berezia zen krosa klasekideentzat. Izaten genituen gure lehia txikiak".

Lehenengo kros txiki hura arrakastatsua izan zen. 350 haur inguru aritu ziren herrigunean korrika. "13-14 urtekoetan ez ginen asko atera. Orain gehiago ikusten dira", dio Salazarrek. Urtetik urtera indartu egin da ekitaldia. Iazko edizioan 500 bat haur atera ziren. 

Edonola ere, ez da Lasarte-Oriako gaztetxoek parte hartzen duten lasterketa bakarra. Urtero Eneko Castroren omenezko krosa egiten dute, Landaberrik antolatuta. "Martxoan egiten zen. Ostadarreko krosa berria zen orduan, ez zen horren ezaguna. Landaberrikoan ume gehiago geundela esango nuke. Gero bai, zabaldu da gehiago urrikoa". 

Dena den, Korrika Festak lortu du lotura bat sortzea haurren eta lasterketaren artean. Izan ere, igande honetan dortsala jantzita aterako dira Salazar eta Mujika krosean. Lehenak dozena erdi bat egin ditu; besteak hamar bat. "Umetan ilusioa egiten du, baina baita heldua zarenean ere. Haurrentzat oso egokia da. Lehiakortasuna kenduta kirola egitea bultzatzeko modu bat da". 

Egutegian markatuta
Biek ala biek dute egutegian gorriz markatuta egun hori. "Urtean gehien gustatzen zaidan eguna da. Giro izugarria dago", dio Mujikak. Beste lasterketetan parte hartu ohi du Salazarrek, baina ezin alderatu daiteke giroa: "Goizean goizetik jendea kalean animatzen dago. Gero poteoa egiten da, eta jendea bazkaltzera joaten da. Arratsaldean ere jendea kalean dago...". 

Halere, herri lasterketa bizitzeko modu desberdinak dituzte biek. Salazarrek Behobia-Donostia du begiz jota, eta lasterketa hori prestatzeko erabiliko du. "Donostian entrenatzen dut talde batean. Iazko marka hobetzen saiatuko naiz". Orudan helmugaratzen bigarren herritarra izan zen, Anabel Elenoren atzetik.  

Ordulariari asko ez dio begiratzen Mujikak. "San Silvestre bat edo beste, baina ez dut beste lasterketarik egiten. Futbolean Ostadarren ibiltzen nintzen". Urtean entrenatutakoaren arabera, desberdin heltzen dio erronkari. "Hobeto baldin banago, gehiago saiatzen naiz estutzen. Baina beste urte batzuetan buelta suabe-suabe egiten dut. Aurten ere halaxe tokatzen zait; ez dut gehiegi entrenatu".