Adin nagusikoa bihurtuko da aurten txikien Korrika Festa

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urriaren 26a

2001. urteko urriaren 28an egin zuten lehen Korrika Festa; 2018ko data berean, XVIII. edizioa izango da. Oraindik badago aukera dortsalak hartzeko. Gaur arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean izena eman ahalko dute haur eta gazteek; bihar eta igandean, kirolgunean

Urriaren 28an Korrika Festaren edizio berezia izango da. Izan ere, hemezortzigarren aldiz egingo dute gaztetxoen lasterketa. 2001. urteko urriaren 28an 400 bat gaztetxok parte hartu zuten txikien krosean; urteen poderioz, Korrika Festa handia bilakatu da ekimena. Ikusleen txalo-zaparradarik handienak jaso zituzten orduan gaztetxoek; gaur egun ere, senide, lagun eta herritarren babesa eta indarrak jasotzen dituzte Geltoki kaleko metroak lasterka egiten dituzten 5 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteek. Ordu betez horien ausardia eta trebezia dira protagonista Lasarte-Oriako erdiguneko kaleetan. 

Aurreko urtean bezala, infantil eta kadeteak izango dira igandean korrika egiten lehenak. 12:15ak aldera izango da hori. Gainontzekoen ordutegiak ondoan dagoen mapan ikus daitezke.

Helmugara iristean guztiek izango dute saria. Jalguneko kideek domina lepoan jarri eta indarrak berreskuratzeko edateko jogurta eta gailetak izango dituzte.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez,  haurrek lasterketa hasi baino 15 minutu lehenago egon beharko dute dagokien harrera guneetan. Izena eman ez duten gazte eta haurrei azken ordura arte ez itxaroteko gomendioa egin diete antolatzaileek. 

Horretarako, gaur inskripzio gunea irekia egongo da, Manuel Lekuona kultur etxean, 17:00etatik 20:00etara;  bihar, Michelin kirolguneko pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era. Azken aukera, igandean bertan izango da, 9:00etatik 10:00etara kirolgunean.