Egun osoko egitaraua izango da Euskal Jaian

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 27a, 13:00

Lasarte-Oriako Euskal Jaia ate joka dator. Azaroaren 10ean izango da hitzordua herriko erdigunean. Bi berrikuntza nagusi izango dira: gazteei zuzendutako ekintzak eta tabernek antolatutako kontzertuak, jai giroa ordu txikietara arte luzatzeko

Badira urte batzuk Lasarte-Orian Euskal Jaia berpiztea erabaki zela. Euskal giroa herriko erdigunera ekartzeko, hainbat elkartek elkarlanean egitarau oparoa antolatzen dute. Aurten azaroaren 10ean egingo dute egun berezia, berrikuntzekin: egun osoko egitaraua,  eta gazteei zuzendutako ekintzak izango dira.

Ohitura den bezala, txistulariek esnatuko dituzte herritarrak. Ostean, haur eta helduen kantu dantza jirak euskal abesti eta dantzekin alaituko ditu kaleak. 

Herri bazkaria eskainiko dute, Okendo plazan. Bazkal ostean, algara mordoa egiteko beta izango dute mahaikideek eta plazara hurbiltzen diren herritarrek. 

Herri kirolek ere ez dute hutsik egingo. Arratsaldeko harri-jasotze saioan ez da Okerra Harria protagonista bakarra izango. Diziplina honetan bere lehen pausoak ematen ari da Udane Ostolaza, eta plazan erakutsiko du bere trebetasuna. Harekin batera Joseba Ostolaza eta Beñat Telleria izango dira lanean.

Etxeko txikiek hainbat kirol probaz gozatzeko aukera izango dute, baita pilota partidak jokatzekoa ere. Gazteak ez dira atzean geratuko eta kirol proba saio berezia antolatu dute.

Dantzatzeko gogoekin dauden herritarrek erromeria izango dute asebetetzeko. Ttirriki Ttarraka eskolako kideek Ixak Arruti gitarrajolearen eta Jokin Irastorza bateriajolearen laguntzarekin egongo dira oholtzan. Txaranga hotsekin eta bertso doinuekin batera mokadua dastatzeko aukera izango da tabernaz taberna.

Hori guztia gutxi ez, eta gaueko ordu txikietara arte luzatuko da Euskal Jaia aurten. Lehenik, Xirimiri elkartean afari eder bat dastatuko dute, eta behin indarberrituak, kaleetan barrena musika ere izango da.

Bazkariko tiketak dagoeneko salgai daude Ttakun Kultur Elkarteko egoitzan, eta Jalgi kafe antzokian. Afarikoak, berriz, Ilargi, Trumoi eta Furia Beltza tabernatan. Bakoitzak 10 euro balio ditu. Bestalde, egun osoan zehar euskal giroa izan dadin, herritarrei baserritar jantzia plazara ateratzeko gonbitea egin diete antolatzaileek.

Erlazionatuak