Txistuak prekarietatearen aurka

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 19a, 17:34
Atsobakar zaharren egoitzako langile eta erabiltzaileak elkarretaratzea egin dute, lan baldintza duinen alde

Entzunarazteko zarata egitea beste erremediorik ez dago batzuetan. Atsobakar zaharren egoitzako langile, erabiltzaile eta senideen kasuan horrela gertatzen da. Protestan daude, lan baldintza duinen alde. Grebak egin dituzte dagoeneko, eta gehiago aurreikusi dituzte; hurrengo astean hiru egunetan egingo dute (hilaren 24tik 26ra, biak barne), negoziazioak aurrera egin ezean. Soldata izoztua dute 2016. urtetik, eta patronalak ez du egoera hobetzeko asmorik. 

Gizpuzkoako Aldundiaren eskumena da zaharren egoitza, baina azpikontratatua du zerbitzua. Ondorioz, murrizketak egin dituzte langileetan, eta geratzen direnek lan gainkarga handia dute. Gainera, langile gehienek ez dute jardunaldi osoko kontraturik. 

Gaur, ostiralean bertan, langile batzordeak eta patronalak negoziazio saio bat eduki dute. Aurrerapenik ezean, protesta eta zarata ateratzen jarraituko dute langileek. Astelehenean eta asteartean elkarretaratzeak aurreikusi dituzte, egoitzaren atean bertan, 11:15ean.