Gauza batzuk komentatu nahi nituzke publikoan. Batez ere, azken aldian lagun artean, gure adinekoen artean, komentatzen ditugunak.
Orain dela urte batzuk 50 urteko jendea esperientziaduna zen. Bere lanpostuetan prestigioa zuena e.a. Gaur egun 50 urterekin analfabeto funtzionala bihurtzen zara, eta hori oso gogorra da! Edozein mukizu etorri eta… "oso erraza da". Eta zu lerdo aurpegiarekin geratzen zara.
Idazteko makinakoak garenok zer aurrerapen ikusi ditugu azken 15 urtean? Gure maximak erortzen ikusi ditugu.
280 pultsazio minutuko neuzkan Olivetti zahar hartan eta akatsik gabe. Ta, ta, ta, ta… klin ta, ta, ta,… klin. Ai, hori soinua! Ezta Harley onenak ere!
Non gelditu dira gure tipex-ak? Eta hori baino lehen atzera bota, gainean idatzi, bi koloretako tintadun karrete haiek…. Abiadura zertarako? Mitoa, eroria.
Makina elektrikoa etorri zenean (gutxi iraun bazuen ere) ezin genuen sinetsi. Tekla ukitu orduko idazten zuen. Azkar demonio! Eta zuzentzailea zeukan. Hura mauka!
Eta gero ordenagailua. Jaun eta jabe! Gabe ezin bizi, eta berarekin… gehienetan haserre. Komeria! Kostata ulertu genituen www, Internet, korreo elektronikoa… nabigadorea, hotmail, google, eta nola ez, punto com. Amen.
Zer diozue sakelako telefonoen sukarrari buruz?. "Bai, bai telefonoz hitz egin daiteke kotxea martxan doala ere!" Izan ere, batzuk exajeratzen hasten direnean... Gogoratzen nola zenbaitek jostailuzkoak erabiltzen zituzten gerrikoan jarrita ageri agerian. Kar-kar!
Eta ipurdirik gabeko telebistak? "Bai, bai paretan zintzilikatutako koadro batzuk bezala izango dira". Bai zea!!
"Sukaldean garrik gabeko suetan kozinatuko dugu". Ja!
Mi marciano favorito ikusten genuen bi kanal besterik ez zituen Vanguard hartan, eta horrelako xelebrekeriak ateratzen ziren etorkizuneko bizitza honetan.