Topa eginez hasi du Aste Kulturala Semblante Andaluzek

Topa eginez hasi du Aste Kulturala Semblante Andaluzek
Udal ordezkariak, bazkideak eta beste gonbidatuak izan dira elkartean iluntzean. Semblante Rocierok girotu du ekitaldia

Astelehenarekin batera hasi du aurtengo Aste Kulturala Semblante Andaluzek. Jose Mari Mellado elkarteko arduradunak hartu udal ordezkariak hartu zituen; bertan izan ziren udalbatzarra osatzen duten alderdi guztien ordezkariak, PPkoa izan ezik. Jesus Zaballos alkateari alderdikide ugari batu zitzaizkion: Agustin Valdivia, Jose Maria Urdanpilleta, Lourdes Acevedo, Maite Iglesias eta Nuria Fernandez. EH Bilduko Pablo Barrio, EAJko Jon Antxordoki eta ADLOP Ahal Du Lasarte-Oria Podemoseko Arkaitz Naya ere izan ziren hasierako ekitaldian. 

Ekintzaz beteta dator aurten Aste Kulturala. Halere, Melladok onartu du beste urteetan baino gutxiago egongo direla. Izan ere, Jose Perezek elkartean zituen ardurak pixkanaka utzi egin ditu, eta trantsizio horretan, "lanez gainezka" ibili da Mellado. 

Edonola ere, egitarau aberatsa prestatu du Andaluziako elkarteak. Gaur astearterako, indarkeria matxistari buruzko hitzaldia antolatu dute. Asteazkenean, berriz, tute eta mus txapelketak jokatuko dituzte. Bi ekitaldi horiek elkartean bertan izango dira, 19:00etan hasita. 

Ostegunean hasiko dira dantzak. Okendon arituko da Gitanillas del Alba dantza taldea, 19:00etan. Ondoren Semblante Rocierok jarraituko du. 21:00etan mundu guztiarentzako herri dantzak izango dira. 

Ostiraletik igandera arte egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizetan puzgarriak eta beste lehiaketak egingo dituzte, eta dantza emanaldiak ez dira faltako. Larunbaterako  eta iganderako bazkaria prestatuko dute, eta toka txapelketak ere izango dira. Iluntzean ere musika izango da nagusi. Los primos a compas de flamenkito taldeak itxiko du aste berezi hori, igandean 19:00etan. Ekitaldi horiek guztiak Okendon egingo dituzte.