Sexu eraso bat salatu dute 'Survival Zombie' jokoan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 8a, 12:10
Erasoa gaitzesteko gaur 19:00etan elkarretaratzera deitu dute, Okendo plazan

Larunbat gaueko Survival Zombie jokoan sexu eraso bat salatu dute. Jokoaren antolakuntzak eta Ertzaintzak protokoloa jarri dute martxan, eta jazarpena ikertzen ari dira.

Lasarte-Oriako Udalak bozeramaileen batzordea egin du gaur goizean eta adierazpen instituzionala argitaratu du. Horretan sexu erasoa arbuiatzen eta gaitzesten du eta bere babesa ematen dio erasoa jasan duen emakumeari, baita bere senitarteko eta hurbilekoei ere. Era berean, erasotzaileen aurrean biktimak izandako jarrera balioetsi du, "emakumeen autodefentsaren eta ahalduntzearen adibide bat baita". Honez gain, Udalak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzearekin duen konpromisoa adierazten du ."Horrelako erasoek erakusten digute administrazio publikoek nahiz gizarteak oraindik lan asko egin behar dugula bortizkeria matxista eta generozko desberdintasunerako jarrerak errotik desagerrarazteko". 

Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du, eta herritarrei dei egin die parte hartzeko. Udalak atxikimendua eman dio protestari.