Muxu sutsuak naturari eta euskal tradizioei

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek egun mugitua izan dute: 'Musua' disko-liburu berria aurkeztu dute goizean; arratsldean 'Borobilean' emanaldiko azken saioa eskaini dute kultur etxean

Muxua eta sua. Bi hitz horien arteko hitz-jokoak ematen dio izena Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen azken lanari: Musua. Bestela esanda, gure kulturari eta naturari ematen dizkieten muxu beroak. Mundua mundu denetik, hartzak kobazulora sartzen dira neguko solstizioetan eta kilkerrak kanpora atera udakoetan. Eta guk dantzatu eta kantatu egiten dugu negu zein uda, egin arren euria, atera arren eguzkia, apurtu arren zeruan tximista...dio Musua disko-liburuko letretako batek. Natura eta gure herriko tradizioak batu dituzte lan hori sortzeko: Inauteriak, San Joan sua eta Gabonak, besteak beste.

Disko-liburua ez dute bakarrik sortu. Leire Bilbaok sortu ditu hitzak; Xabier Zabalak, musika; ilustrazioak Maite Mutuberriak marraztu ditu eta diskoaren nahasketak Kaki Arkarazok egin ditu, Andoaingo Garate estudioetan. Taldeko lana izan da kultura eta natura lotzen dituen tradizio euskaldunei buelta bat ematea. Bilbaok azaltzen du: "Eduki berriak sortu ditugu, zaharrak mantenduz: hartu ditugu egutegiko egun seinalatuak, gure tradizioekin zerikusia dutenak, eta berriro interpretatu ditugu". Hamabi kantu-poema eta beste hainbeste kantu-kontu sortu ditu. "Egun batean, goizeko zortzietan deitu zidan Porrotxek; erronka kitzikagarria izan da". 

Bilbaoren hitzak irudiekin josi ditu Mutuberriak: "Naturaz betetako mundu bat eskaini nahi diot irakurleari". Liburua eskuetan hartu eta, orriak pasatzen hasterakoan, "mundu berri bat" irekitzen dela dio. "Muxuaren ideiarekin jolastu dut, bihotzekin...fantasiazko mundu bat sortzeko".

Joaldunekin eta Xumelarekin kalejiran

Musua aurkeztu aurretik, herriko kaleak esnatu eta alaitu dituzte pailazoek. Irurtzundik etorritako 'Orritz-Iskidi' joaldunak eta Xumela koruko kideak izan dituzte lagun. Jalgi kafe antzokian geratu dira, 11:00etan. Joaldunak iritsi bitartean, behin eta berriro entseatu dute Xumelakoek Oles, oles, lurra esna zaitez abestia. Denak prest zeudenean, Sagardotegi plazan hasi dute kalejira, eta Askatasunaren parkera joan dira gero. Koadrila ederra bildu dela aprobetxatuz, talde argazki bana atera dute aipatutako bi tokietan, giro ederrean.

Goiza dantzan, kantuan eta barrez pasa ostean, Jalgin bertan hartu dituzte indarrak: mahaiaren bueltan bildu eta hamaiketako goxoa egin dute. Pailazoek dozenaka argazki atera dituzte lasarteoriatarrekin.

'Borobilean' emanaldiari agur

Lanpetuta ibili dira gaur Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Disko berria aurkeztu eta gero, herriz herri eraman duten emanaldiari agur esan diote arratsaldean: Borobilean ikuskizuneko azken saioa eskaini dute Manuel Lekuona kultur etxean. Jalgune elkarteko lagunek ere parte hartu dute, bukaera aldera: dantza egin dute pailazoekin eta euren lagunekin. Etxera joan aurretik, talde argazkia atera dute pailazoekin. Egun biribila. Hobe esanda, borobila.

Argazki galeria