Adineko pertsonak, osasuntsu eta gogotsuak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 5a, 13:00
Adineko Pertsonen Omenezko Asteko ekintza ugari izango dira asteburu honetan; astelehenean, urrezko ezteiak egiten dituzten bikoteen eguna ospatuko dute

Lasarte-Oriako Udal Musika Eskolako trikitilarien doinuek eman diote hasiera Adinekoen Omenezko Asteari, astelehenean bertan, udal ordezkari eta elkarteko kideak lagun. 

Lehen egunetik izan dira ekitaldiak eta jokoak: eguraldiagatik igela eta pote lehiaketak Isla plazako etxebizitzetako karrerapeetan jokatu dituzte astelehenean. Toka lehiaketako parte hartzaileek, berriz, atertu arte itxaron behar izan dute jokatzen hasteko. Horrek bingo lehiaketa atzeratzea ekarri du. Halere, ez da eragozpenik izan jokoan aritu diren kideentzat, umore onez  bingo kantuan izan baitira. Lehiaketa amaitzearekin batera, joko horien guztien irabazleek sariak jaso dituzte.

Horrez gain, Biyak Bat elkarteko kideak osasuntsu daudela erakutsi dute asteartean kiroldegian egin duten gimnastika erakustaldian. Ariketa ugari egin dituzte, horietako batzuk pilotarekin.

Artista batek nola sortzen ditu bere lanak? Prozesu hori ezagutu dute asteazkenean kultur etxera joandako herritarrek: Zirriborro klown lana taularatu du Badut konpainiak. Biyak Bat elkarteko eta Añorgako Gure-Kabia abesbatzen emanaldiaz ere gozatu dute adineko herritarrek egunotan.

Egun hauetako argazkiak galeria atalean.

Ospakizun gehiago 

Baina ez dira ekitaldiak amaitu, astelehenera arte iraungo baitute ospakizunek.

Gaur, ostiralean, 11:00etan, Ondo ibili ibilaldi osasuntsuan parte hartuko dute elkarteko kideek.Arratsaldean, berriz, Okendo plazan gorputzari  eragingo diote lerroko dantzak eskainiz. Azkenik, gauean Duo Imperial mariatxiez gozatuko dute Manuel Lekuonara hurbiltzen diren guztiek. Gonbidapena behar da ikusteko.

Bihar, larunbata, ibilaldi neurtua egingo dute; Okendo plazan hasi eta amaitzen den bideak Lasarte-Oriako kale eta parkeak gurutzatuko ditu. Biyak Bateko kideak bikoteka joango dira, eta lehengo biek, 40.ak eta azkenak saria jasoko dute.  Izan ere, 40 urte betetzen ditu elkarteak urriaren 8an. Horiez gain, hamabost sari ere zozketatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, dantza lehiaketa izango da Biyak Bat elkartean. 

Edonola ere, Adinekoen Omenaldi Asteko egun handia igandea izango da. Hasteko, meza entzungo dute San Pedro elizan.  Biyak Bat elkarteko abesbatzak lagunduko du bertan.

Amaitzean, kalejiran aterako dira Manuel Lekuonara. Bertan Biyak Bat elkarteko abesbatzak emanaldia eskainiko du, eta Amaia Gonzalez Caballero eta bere eskolakoek dantzatuko dute.
14:00ak aldera bazkari gozoa dastatuko dute Michelingo pilotalekuan, eta bazkalondoan dantza egingo dute Azabache taldearen eskutik.

Azkenik, astelehena urrezko ezteiak ospatzen dituzten bikoteen eguna izango da. Meza, oroigarri banaketa, bazkaria eta dantza izango dute aurten elkarrekin 50 urte egin dituzten elkarteko bikoteek.