Urpoloan aritzeko aukera izango da lehen aldiz Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 6a, 11:00
2008. urtea baino lehen jaiotakoek dute parte hartzeko aukera. Urrian hasiko dira entramenduak diziplina berrian

Kirol eskaintza aberatsa du Lasarte-Oriak, hamaika diziplina praktikatu baitaitezke herrian bertan. Dena den, denboraldi honetan are gehiago haziko da,  oraindik oso ezaguna ez den kirol batekin: urpoloa. Izan ere, Buruntzaldea IKTk adin guztientzako eskaintza zabaldu du aurten. Urpolo eskolarekin, 2008an eta aurrerago jaiotakoek izango dute kirol hori taldean egiteko aukera.  

Aurretik egin ditu urpoloko jardunaldiak Buruntzaldea IKTk, Ttakun Kultur Elkartearekin elkarlanean. 2016an egin zituzten lehenak, eta 24 umek parte hartu zuten. Gerora beste bi topaketa egin dituzte, aurten. 

Bistan denez, igeriketa da urpoloaren oinarria. Horregatik, gutxienez 10 urte behar ditu haurrak kirol horretan hasteko, aurretik igeri egiten jakin behar duelako. 

Edonola ere, eta nahiz eta igeriketaren barruan sartzen den kirola izan, ez du zerikusirik harekin, Borja Apeztegiak Buruntzaldea IKTko entrenatzaileak azaldu duenez. "Futbolean ere korrika egiten da, baina ez da atletismoa. Taldekako kirola da, eta osagai taktiko handia du. Izaera propioa duen kirola da". Apeztegiaren arabera, urpoloa erakargarria izan daiteke,  igeriketa gustatu arren, igerilekuan sartzera oraindik animatu ez direnentzat. 

Gipuzkoan ere garatzeko bidean dagoen kirola da, baina badaude taldeak hainbat herritan, Hernanin, Eibarren, Donostian eta Irunen, kasurako.

Interesa duen orok www.buruntzaldeaikt.eus jaso dezake informazio gehiago, ordutegiak eta beste. info@buruntzaldeaikt.eus helbidean jarri daiteke harremanetan taldearekin.