Haur bakoitzak modu desberdinean bizi du prozesu hau. Familia bakoitzak ere jarrera anitzak agertzen ditugu dinamika hauen aurrean. Ez da erraza izaten hezkuntza sistema arautuan haurraren derrigorrezko txertatze prozesu honetan, parte hartzen duten hiru faktoreen artean adostasuna izatea.
Batetik, haurra dago. Haurrak badaki zerbait berria badatorrela. Oporretatik jada bere inguru guztiak etengabe errepikatuko dio aste gutxitan emango den aldaketaz. Oraindik ez da gai denboraren eta espazioaren nozioak kontrolatzeko, eta, beraz, zaila du beretzat ezezaguna den etorkizuneko kokagune berri hori bere mundu abstraktuan zehaztea.
Bestetik, gurasoak gaude. Etxeko dinamiketatik at, haur eskolako goxotasunetik kanpo, kide berriekin, espazio ezezagunetan eta irakasle arrotzek osaturiko mundu paraleloan aurkituko gara bat-batean. Badakigu gainera, berria hitzarekin lotzen dugun orok, sortzen duen ezinbesteko urduritasuna.
Azkenik, irakaslea dago. Bera da egokitzapen prozesu honen ardatzetako bat. Bera da profesionala. Badaki guraso guztien kezka, zalantza eta kapritxoen artean tinko mantendu behar duela. Aldi berean, goxo izan eta haurrekin interakzioa bultzatzen egon behar du pixkanaka, euren konfiantza irabazteko, eta, bide batez, gurasoen aurrean bere jakintzaren eta ekintzen berri uzteko moduren batean.
Hiruki honen barruko barne mugimenduak hasten direnean, ordea, guztia errazten hasten da. Haurrak lehen egunetik naturaltasunez barneratzen du prozesua. Batzuetan negar eginez, beste batzuetan pozik jolasean, eta tarteka indiferentzia puntu batekin; baina natural. Gurasoek, ordea, egokitzapenaren bide honetan zalantza, kezka eta urduritasunaren zurrunbiloan jarraitzen dugu, askotan gure sentimenduak ezkutatuz, besteen aurrean dena ongi edo gaizki dagoenaren itxura emanaz, eta neurri batean, konturatuz egokitzapena ez dela gure seme alabentzako ematen den prozesu soila, helduoi haurrarengatik banatzeko, sistemak jartzen digun froga moduan ere har genezakeela. Hau naturala al da, ordea?