Oscar Alegre, Special Olympics jokoez gozatzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko urr. 5a, 12:30
Hainbat diziplinatako 1.500 kirolari elkartu dira Andorran. Lasarte-Oriakoa da horietako bat: Oscar Alegre du izena, eta judoa egiten du LOKE taldean. Entrenatzaile Gorka Aristegi eta gurasoekin batera, "kirol esperientzia polita" biziko du asteburuan

Ikurrina presente egongo da Special Olympics jokoen gaurko desfilean. Oscar Alegre lasarteoriatarra da Euskal Herriko ordezkari bakarra. Judoa egiten du LOKE taldean. Haren gurasoek eta entrenatzaile Gorka Aristegik ere egin dituzte maletak; atzo iritsi ziren Andorrara. "Kirol esperientzia polita" biziko du Alegrek egunotan, Aristegik nabarmentzen duenez.

Mundu osotik etorritako 1.500 kirolarik hartuko dute parte adimen aniztasuneko pertsonen kirol topaketa erraldoi horretan. Inaugurazio desfilea gaur egingo dute; txapelketa moduko bat jokatuko dute bihar, eta dominak jasoko dituzte gero; bukatzeko, igandean, itxiera-gala. Seu d'Urgellek (Lleida) eta Andorra La Vellak (Andorra) antolatu dituzte aurtengo jokoak.

"Oso-oso pozik gaude denak. Aukera bikaina da kirolaren festa honetan parte hartzea; esperientzia oso polita izango da Oscarrentzat, eta berarekin goazenontzat ere bai", dio Aristegik. Aukera ez da egun batetik bestera sortu: duela hiru urte judo inklusiboa lantzen hasi zen LOKE. 

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa harremanetan jarri zen Aristegirekin, eta Special Olympics jokoetan parte hartzeko aukera eskaini zion. Saskibaloi talde bat eta zenbait judoka ziren joatekoak. Saskibaloikoek ezin izan zuten parte hartu azkenean, eta judoka gehiagorentzako tokia zegoen. Aristegik erabaki zuen ezin zutela denbora galdu, eta Andorra joateko aukeraren berri eman zien Oscar Alegreren gurasoei. Atzotik daude Andorran. "Eskerrak eman behar dizkiot Euskadiko Judo Federazioari; haien babesik gabe ez ginateke hemen egongo". Modu askotara lagundu diete: materiala eman diete, txandal eta guzti. Gaurko desfilean dotore joango dira.

Zortzi urtez tatamietan

Hogei urte ditu Oscarrek. Ia erdiak eman ditu Maialen Chourraut kiroldegiko tatamian: duela zortzi urte eman zuen izena LOKE taldean. Astean hirutan entrenatzen du. Autista da. Taldekideekin oso ongi moldatzen da, eta ez du saio bakar bat galdu nahi izaten. "Duela gutxi arazotxo bat izan zuen hanketan. Medikuarenera joan zenean, beste kezkarik ez zuen buruan: jakin nahi zuen egun horretan entrenatzera joan ahalko zuen edo ez". 

"Milaka argazki" aterako dituzte jokoek iraun bitartean. Ez da gutxiagorako: mundu mailatik datozen hainbeste kirolari batzen dituen kirol topaketa horietan parte hartzea ez da egunero bizitzen den esperientzia bat. Antolakuntza "oso profesionala" dela azpimarratzen du Aristegik: "Hotela bilatu digute eta kontratatu dute gurekin toki guztietara etorriko den laguntzaile bat. Erraztasunak besterik ez dizkigute eman; bikaina da antolakuntza". 

Kirol ekitaldi garrantzitsua da Special Olympics. Egitaraua eta giroa joko olinpikoen antzekoa da: inaugurazio desfilea, kirol probak, domina banaketa... eta auzo olinpikoa. Baina emaitzak ez dira inportanteak. Ez da horren garrantzitsua irabaztea edo podiumera igotzea. Jokoen leloa irakurri besterik ez dago: Millor ès qui ho intenta (saiatzen dena da kirolari onena). 

"Ez goaz emaitza edo postu zehatz baten bila, ahalik eta gehien gozatzera eta aukera aprobetxatzera baizik. Asteburu honetan biziko duena oso ongi etorriko zaio Oscarri pertsona eta kirolari bezala hazteko", zehazten du Aristegik.

Kataluniako Special Olympics elkarteak lau urtean behin antolatzen ditu jokoak, 1988tik. Nazioarte mailan da ezaguna Special Olympics mugimendua: Eunice Kennedy amerikarrak sortu zuen. 2014ko jokoak Bartzelonan izan ziren, eta 1.400 kirolarik parte hartu zuten.