Euskaraldiaren trena Euskal Herri osoko 400 herri eta hiritara iritsi da honezkero, baina bagoietan kabitzen dira bidaiari gehiago oraindik. Lasarte-Oriako hamaikakoa topoan ibili da gaur arratsaldean, herritarrei trenera igotzeko gonbita luzatzen.
Lasarte-Oriatik Amara bitarteko bidea "Euskaraldiaren bidaia" bilakatu da, 18:00etatik 20:00etara. Hegazkineko laguntzailez mozorrotuta, eta hegaldiak hasi baino lehen egiten duten moduan, egitasmoa zertan den azaldu dute hamaikakoko kideek; umorea eta musika erabili dituzte azalpenak emateko.
"Euskotrenekin elkarlanean, modu original eta erakargarri batean eman dugu Euskaraldiaren berri gaur arratsaldean", nabarmendu du Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeko lehendakari Jon Antxordokik. Gogoratu du izen-emate epea irekita dagoela honezkero, online zein paperean (herriko 25 postutara hurbildu daitezke lasarteoriatarrak). Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Tomas Arrizabalagak azken urteak errepasatu ditu: "Duela bi urte irten zen Euskaraldiaren trena Lasarte-Oriatik, Euskararen 9. Maratoian hizkuntz-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masibo horrekin". Euskotrenek gogo onez parte hartu du hamaikakoko kide bihurriek luzatutako proposamenean. Taldeko argazkian ere egon dira presente: Ixone Alkorta inspektorea animatu da kameraren aurrean jartzera, hegazkin laguntzaile inprobisatuekin eta ordezkari instituzionalekin batera.
11 egunez hizkuntz-ohiturak astintzen
Bi hilabete baino gutxiago geratzen dira lasarteoriatarren hizkuntz-ohiturak berriro astintzeko. Azaroaren 23an hasiko da Euskaraldia, eta abenduaren 3ra arte luzatuko da. Antxordokik prentsaurrekoan azpimarratu legez, izen-emate epea irekita dago.
Online izena eman ezin dutenek herriko 25 postutara jo dezakete: Adats ileapaindegia, Berasategi kafeak, Carretero liburudenda, Eztiphoto argazki-denda, Jalgi taberna, Josema burdindegia, Labe-Goxo okindegia, Larrañaga harategia, De Miguel farmazia, Maite Erkizia ileapaindegia, Maya lentzeria, Orbela belardenda, Ormazabal loradenda, Orue farmazia, Pikabea aseguruak, Urbistondo farmazia, Zabaletako auzoko denda eta Baserritarrentzako albaitaria. Horrez gain, Landaberri, Sasoeta eta Oriarte ikastetxeetan, EPA zentroan, Muntteri-AEK eta udal euskaltegian, Ttakunen bulegoan eta udaletxean izena eman daiteke.