Mila eta bostehun karaktere

TXINTXARRI aldizkarian argitaratzen diren hau bezalako zutabeetan mila eta bostehun karaktere biltzen dira. Karaktere horiek gogoeta bati ematen diote forma

TXINTXARRI aldizkarian argitaratzen diren hau bezalako zutabeetan mila eta bostehun karaktere biltzen dira. Karaktere horiek gogoeta bati ematen diote forma. Lehendabizi burua eragin behar da ideia baten bila. Batzuetan iltzatuta geratu zaigun kaleko eszena bat izan daiteke abiapuntua, edo herriko denda batean entzundako elkarrizketa, edo aurreko asteburuan egindako ospakizuna. Gogoetarako lehengaia edonon sor daiteke. Normalean ideia bat baino gehiago agertuko dira hautagaitzara. Batekin eta bestearekin probatu eta azkenean baten indarrak harrapatuko gaitu, gainontzekoek baino aukera gehiago ematen digutelako testua garatzeko eta borobiltzeko. Idazten hasi eta, ideia batetik bestera salto eginez, argudioak josten joango gara tartean iritziak ez ezik, kezkak, kritikak, desioak…, ere agertuz. Mila eta bostehun karakterek ez dute ematen bide luzea egiteko, baina zutabegileak bide hori disfrutatzen du hausnartzea eta idaztea gogoko duelako. Polita izaten da azken karakterea idatzita utzi eta atzera begiratzea hitzen jarraiak utzi duen arrastoa ikusteko. Eta nahiko nuke testu honen azkenengo karaktereak 25 zenbakiaren forma irudikatzea. 25 urte pasa baitira TXINTXARRI aldizkaria sortu zenetik, ilusioz beterik, gogotsu eta ausart. Bitartean, aldaketak joan dira pilatzen, eta, pentsatzekoa denez, gorabeherak ere bai. Baina, gaur eta hemen, Lasarte-Orian, komunikabide bat dugu euskaratik eta euskaraz herri gisa pentsatzeko eta irudikatzeko. Mila eta bostehun karaktere euskarari forma emateko. Hala izatea nahiko nuke luzerako, gutxienez orain betetzen diren urteak bezain beste. Beste 25.