Batzuetan iruditzen zaigu gure artean dauden pertsona, elkarte, erakunde, komunikabide eta abarrak betidanik daudela, hain dira eguneroko guretzat, non betikotasun bat ikusten diogun. Baina pertsonak jaio egiten gara, eta elkarte, erakunde edo komunikabideak ere bai. Hasiera data bat izaten dute, lehen urrats neketsuak ematen dituzte eta sendotzen joaten dira gero, betikotasun kutsu bat lortzen duten arte.
Aitzinean idatzitako horrek guztiak txintxarri herriko aldizkariarentzat balio du. Orain 25 urte sortu zen edo sortu zuten. Hor asko dira barrua hustu zutenak erditze lanetan, eta beste batzuk alboan egon garenak, beraz hitz hauek ez doaz protagonista baten izenean, aldiz, lekuko paperean egindakoak dira.
Informazioa eskuarki telebista, irrati eta egunkari bitartez jaso izan dugu beti, baina horietan oso gutxitan agertzen dira inoren herriko gorabeherak. Eta agertzen direnean gauza txarrengatik izaten da: suteren bat, hilketa bat, istripuren bat eta halakoetan, nekez egunerokoen berri emateko. Horregatik izan da txintxarri mende laurden honetan ,eta horregatik jarraitzen du izaten ezinbesteko lanabes herriaren berri jakiteko. Hor hartu dute leku, edizioa joan edizioa etorri, herrian azpimarratzekoak izan diren ekitaldi, gatazka, ospakizun eta intereseko beste hamaika kontuk. Horregatik, zorionak! Horregatik, eta 25 urte betetzeagatik, zorionak! Eta batez ere, segi ozen txintxarria jotzen.