Hamaika ekintza Lasarte-Oriako adineko pertsonen omenez

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 25a, 19:02

Aste beteko egitaraua osatu dute herriko pertsona adinekoek parte hartu eta gozatzeko

Urriaren 1etik 8ra, Lasarte-Oriako adineko pertsonek haien omenezko astea izango dute. 

Biyak Bat elkarteak Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz antolatu du egitaraua. Lehiaketak, ibilaldi neurtua, emanaldiak, bazkaria... ekintza ugari izango dira herriko adineko pertsonei zuzenduak.
Jesus Zaballos alkatearen hitzetan, "ekintza ezberdinak daude egitarauan eta guztien gustoko izatea espero dugu".

Era berean, egitaraua prestatzen lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkiete Biyak Bat elkarteko kideek.

Astelehenean, urriaren 1ean hasiko dira ospakizunak bandera igotzearekin. Egunero izango da ekintzaren bat. 

Alkateak urriaren 7an, Michelingo kirol gunean egingo den bazkariko izena ematearen berri eman du. 360 bat pertsonek eskuratu dute tiketa, baina oraindik lekua dago. Horregatik, herritarrak gonbidatu ditu bazkarian eta beste ekintzetan parte hartzera. "Gogoratu bazkariko prezioa lasarteoriakoentzat sinbolikoa dela".

Honez gain, ospakizunei amaiera emateko, urriaren 8an, astelehena, aurten urrezko ezteiak egin dituzten bikote bazkideen eguna izango da. Biyak Bat elkarteko kideek azpimarratu legez, ekintza horrek bat egiten du elkartearen 40. urteurren egunarekin.

Lehiaketako eta ibilaldi neurtuko izena emateak martxan dira elkarteko bulegoan, dantza lehiaketakoa izan ezik. Urriaren 6an egingo da, lehiaketa baino lehen. Ibilaldi neurtuko inskripzioa ostiralean, irailaren 28an itxiko da; bingoarena berriz, urriaren 1ean, astelehenean.