Ione Zabala: "Lan prozesua ikustea ikaragarria izan da"

Nerea Eizagirre 2018ko ira. 21a, 12:38
Ione Zabala Lasarte-Oriako gazteak Donostiako Zinemaldian estreinekoz ikusiko den 'Báules' dokumentaleko iruditegia sortu du. Sortze prozesuan ere parte hartzeko aukera izan du

Ezustekoak eta kasualitateek bizitza onerako edo txarrerako aldatu dezakete. Nahiz eta gaztea izan, Ione Zabala (Lasarte-Oria, 1995) herritarrari onerako aldatu diote bizimodua. Zinemaldiko Zinemira atalean lehiatuko den Baúles dokumentalean egin du lan, eta horrek bere etorkizuna erabakitzen lagundu dio.

Nola eduki zenuen dokumentalaren berri?

Juan Miguel Gutierrez zuzendaria etorri zen nere bila. Duela hiru urte Lasarte-Oriako mural lehiaketa irabazi nuen. Egun batean etxera iritsi eta amak pertsona bat nire bila zebilela aipatu zidan. 
Deitu eta hitz egiteko geratu ginen. Juan Miguelek esan zidan zinemagilea zela, eta Baúles pelikularen proiektua azaldu zidan. Niregana etorri zenean proiektua hasi berria zen. Istorioa azaldu zidan, nondik nora zihoan. Espainian hasten zela, Leongo herrixka batean, eta istorioa gero Mexikora mugitzen zela. 

Nire lana asko gustatu zitzaiola esan eta dokumentalaren kartelarentzat zerbait sortzeko eskatu zidan, pelikularen irudi modura. Kartelean eta diskoaren azalean doan irudia da. Bereziki egindako koadro bat. Eta hasieran nire lana hori zen.

Baina sortze lanean ere lan egin duzu?

Kontua da, hau guztia gertatutakoan, ni Mexikotik etorri berria nintzela, bertan ikasten egon bainintzen. Eta haiek oraindik bidaia egiteko zuten. Horregatik, pixkat lagundu nien. Horrela, nahigabe prozesuan gehiago sartzeko aukera izan nuen. 

Honela, Espainia eta Mexiko arteko alderaketa egin dut, kulturala batez ere. Niregana etorri zenean, Espainiako zatia grabatua zuen. Irudi horiek ikusi eta landu genituen, Mexikon zein irudi grabatu ahal zituzten zehazteko. Juan Miguelekin zuzenean egin dut lan horretan.

Adibidez, hilobiak agertzen dira. Loise hutsik zegoen herria da, eta bertan urtegia egin zuten. Grabatzera joan zirenean, urtegia lehorra zegoen. Hilobiak ikusten ziren eta urak mugituta batzuetan hezurrak ere ikusgai zeuden. Familiek horiek ezkutatzeko harriak jarri zituzten gainean. Mexikotik etorri berri nintzenez, nire lehen alderaketa hori izan zen. Paradoxa modukoa zen gainera; hemen hezurrak tapatzen ibiltzen dira, eta Mexikon guztiz kontrakoa egiten dute, hildakoak gurtu egiten dituzte. Honela, hango panteoiak eta hildakoei egiten dieten gurtza hori grabatu behar zutela aipatu nien, haiek ez dutelako hildakoa ezkutatzen.

Nolako esperientzia izan da?

Nire lehen esperientzia izan da zinemaren munduan, eta oso polita izan da. Ezusteko handia izan da; guztia nahi gabe gertatu da. 

Juan Miguelen lan prozesua ere ikustea ikaragarria izan da. Hasi zenean ez zekien nora iritsiko zen, baina aurrera jarraitu eta momentuan arazoak  sortzen joan diren heinean  gauzak aldatu ditu.

Istorioa grabatzen joan den heinean sortu du Juan Miguelek. Elkarrizketetan oinarritua dago, istorio erreala da, baina istorioaren haria sortzen joan da.

Zerk harritu zaitu gehien?

Dokumentalaren bitartez zer lortzen den ikusteak harritu nau. Hilda dagoen pertsona baten erretratua egiten da, nahiz eta ez den fisikoki filmean agertzen. Dokumentalean agertzen diren pertsonak hari buruz hitz egiten dute, eta batzuk ikuspegi bat dute. Besteek, guztiz ezberdina. Horrek irudi bat eraikitzea dakar, nahiz eta ez ikusi. Kuriosoa da hori.

Espero al zenuten Zinemaldian egotea?

Pelikularen erdia egina zegoenean jakin nuen Zinemaldian parte hartzeko aurkeztuko zela. Juan Miguelek hainbat lan aurkeztu ditu bertan, eta honekin ere ideia hori zuen. Gainera, Mexikoko Guadalajarako zinemaldira ere bidali da. Hemen ongi atera da eta Zinemira sailean egongo da. Ea Mexikoko zinemaldiarekin zer gertatzen den.

Gainera, bukatu berri dago. Sortze prozesua ez da oso luzea izan. Urte bat-edo behar izan dute guztia egiteko. Niretzat oso azkarra izan da guztia. Juan Miguelek eta bere familiak ekoizpen etxea dute, Zazpi t’erdi, eta horrek erabakiak hartzeko orduan gauzak asko errazten ditu. Askatasun asko ematen du. 

Zineman jarraitzeko asmorik al duzu?

Bai. Arte Ederrak gradua ikasi dut eta nondik jo erabaki behar nuen aurten. Nahigabe hau probatu dut. Beti izan dut probatzeko gogo hori. Orain, gogoko dudala konturatu naiz. Beraz, masterra bide horretatik egitea pentsatu dut, zuzendaritza artistiko edo… sorkuntza lanarekin zer ikusia duen zerbait. Orain ikusi dut ikasitakoak baduela lanketa horrekin lotura bat. Lan egiteko prozesua ere gustuko izan dut.