Bi garaipenekin hasi du Ezker Hormako liga Intza elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 21a, 12:20
Lehenengo eta bigarren mailako bikoteek ligako lehen partida irabazi dute. Mailari eustea dute biek helburu

Liga amaieran komeriak ez pasatzeko garrantzitsua izaten da puntuak ez alferrik galtzea. Horixe ondo dakite Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak. Lesioak tarteko, iaz larri ibili ziren, baina denboraldi honetan ez dute horrelako estuasunik izan nahi. 22-12 garaitu zuten Hernaniko bikotea joan den ostiralean, Michelingo frontoian. 6-2 galtzen joan arren, urduritasunak baztertu eta haien jokoa egitea lortu zuten. Lagungarri izan zitzaien Hernaniko atzelari titularrak ez jokatzea. 

Haritz Urkiak eta Aritz Solanok ere ongi hasi zuten Bigarren Mailako ibilbidea. Azkoitiaren aurka 22-21 irabazi zuten, etxean.  Partida oso borrokatua izan zen, baina azkenean lortu zuten markagailua iraultzea. 20-13 galtzen joan ziren. 

Dena den, Intzako pilotariek oraindik badute hobetzeko tartea, uda hasieratik ez baitzuten elkarrekin jokatu. Zortzi taldeko multzoetan jokatzen dute biek. Zazpi partidaren ostean, urria amaieran bukatuko dute Ezker Hormako liga.