Atzerako kontua martxan da

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 20a, 21:16
Euskaraldian parte hartzeko izen emateak ireki dituzte. Herritarrak deitu dituzte 'belarriprest' eta 'ahobizi' izatera azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean. Euskararen 9. Maratoia ardatz hartu, eta Euskal Herri osora zabaldu da Lasarte-Oriako ekimena

11 egun ez dira asko, baina nahikoak hizkuntza ohiturak goitik behera astintzeko. Azaroren 23tik abenduaren 3ra arte Euskaraldia egingo dute Euskal Herrian, eta Lasarte-Oria ez da salbuespena izango. Izan puntu! izena hartuko du herrian euskaraz jarduteko ariketa sozial masiboak. Baina ekimena ez da berria lasarteoriatarrentzat. Izan ere, orain bi urteko Euskararen 9. Maratoia ardatz hartu dute, eta belarriprest-ez eta ahobizi-z josiko dute Euskal Herria. 400 herri baino gehiagotara zabalduko da Lasarte-Orian eginiko esperimentua. "Harro egoteko moduan gaude", nabarmendu dute Jon Antxordoki udaleko Euskara Batzordeko buruak eta Tomas Arrizabalaga Ttakuneko lehendakariak. Izen emateak ireki dituzte dagoeneko. Bideo bat ere prestatu dute iragartzeko; txintxarri.eus atarian dago ikusgai. 

Bideoak eta ezusteak 
Ahalik eta herritar gehienek parte hartzea nahi dute ekimenaren bultzatzaileek. Estitxu Garmendia Hamaikakoteko kideak adierazi duenez, ekintza ugari prestatzen ari dira. Web orria martxan dute (www.lasarte-oria.euskaraldia.eus), eta baita sare sozialak ere (Twitter 
@EusMaratoia; Facebook @EusMaratoia eta Instagram euskaraldia lasarteoria). Laster abesti, bideo eta bestelakoak zabalduko dituzte horietan. "Sorpresak ere izango dira", ohartarazi du Garmendiak. Bestalde, #izanpuntu traola erabili eta Euskaraldia sare sozialetan zabaltzera gonbidatu ditu herritarrak. 

Euskararen 9. Maratoiarekin antzekotasun asko izango ditu Euskaraldiak, batez ere belarriprest-ak eta ahobizi-ak izango direlako protagonista. Baina ekimena Euskal Herri osoan egingo denez, "gauza batzuk hobetuko eta erraztuko dira", Garmendiaren hitzetan. "Komunikabide handietan asko azalduko da, eta horrek errazago egingo du herritarrengana iristea. Aurrekoan jende askok txapa Lasarte-Orian bakarrik erabiltzen zuen, baina oraingoan Euskal Herri osoan eraman ahal izango dugu, herritik kanpo ere oso zabaldua izango delako". 

Ttakun dinamizatzaile 
Ttakun Kultur Elkartea arduratu da Euskaraldia dinamizatzeaz. Naiara Mujika arduradunak azaldu ditu izena emateko nondik norakoak. Digitalki egin daiteke, baina horrez gain, izen emate orriak bete eta horiek uzteko aukera ere egongo da hemezortzi komertziotan. Hauexek dira gune horiek: Adats ileapaindegia, Berasategi kafeak, Carretero liburudenda, Eztiphoto argazki-denda, Jalgi, Josema burdindegia, Labe-Goxo okindegia, Larrañaga harategia, De Miguel farmazia, Maite Erkizia ileapaindegia, Maya lentzeria, Orbela belardenda, Ormazabal loradenda, Orue farmazia, Pikabea aseguruak, Urbistondo farmazia, Zabaletako Auzoko-denda, Baserritarrentzako albaitaria. Horrez gain, Landaberri, Sasoeta, Oriarte ikastetxeetan, eta EPA, Muntteri-AEK eta udal euskaltegian, Ttakunen bulegoan eta udaletxean ere izena eman daiteke.