Aurpegi berriak eta ilusio berrituak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko ira. 21a, 14:00
Talde kopurua ez du handitu Ostadar Saskibaloiak, baina "indartu" egin ditu; guztiek dauzkate hamar jokalari edo gehiago. Asteburuan elkartu dira guztiak eta denboraldi hasierako argazki ofiziala atera dute. Konpetitzen hastear daude talde ia guztiak

Iaz baino komeria gehiago izan ditu argazkilariak enkoadrea ongi egiteko. Talde gehiago ez ditu atera Ostadar SKTren saskibaloi sailak, baina "indartu" egin ditu guztiak, Endika Marrahi arduradunaren arabera. "Jokalari gutxi zituzten zenbait taldek; aurten, hamar baino gehiago ari dira bakoitzean, eta entrenatzaile berriak ere ekarri ditugu". Joan den asteburuan aurkeztu dute saila, eta sasoi hasierako argazki ofiziala atera.

Konpetitzen hasiak dira batzuk: errendimenduko junior eta kadete taldeek asteburuan debutatu zuten. Nagusienek 39-47 irabazi zuten Erroibide Irunen aurka; ahal zuten guztia egin zuten gazteek, baina ezin izan zuten Askatuak mendean hartu eta 28-57 galdu zuten.

Talde guztiek finkatu dituzte kirol helburuak, baina sailaren arduradunen asmo nagusia da saskibaloian jokatu gura duten herritarrek nahi duten adinera arte aritzea: "Senior mailako taldea erreferente bilakatu nahi dugu; aipatzekoa da emakumeen taldeak maila altuan jokatuko duela aurten", esaten du Marrahik.

Ligan lehiatzen hasteko prest 

Gipuzkoako 1go mailan lehiatuko dute emakumezko seniorrek. Lagunartekoa jokatu zuen Beasaingo Arri BKLren aurka, larunbatean. Nazional mailako bigarren kategorian lehiatuko dira goierritarrak aurten, urdin-beltzak baino kategoria bat gorago. Larunbatean ez zuen inork esango hori horrela denik, Ostadarrek aise hartu zuelako mendean Arri BKL: 78-39. Liga beste kontu bat izango da, baina taldeak erakutsitako maila aintzat hartzekoa da.

"Beharbada jokalariak faltako zitzaizkien; lehenengo laurdenean egin genuen ihes markagailuan, 25-3ko partziala sartuta", dio Ander Otaegi entrenatzaileak. Hirugarren urtez eseriko da aulkian; berak hartuko du ardura guztia aurten, laguntzailerik ez baitu izango. "Itxura ona" du taldeak haren ustez: "Aurreko urteetako blokea mantendu, maila askoko jubenil batzuk igo eta bi fitxaketa on egin ditugu: helburua lauko finalean sartzea da, aurreko bi denboraldietan bezala". Laura Gutierrez (Atletico San Sebastian) eta Alicia Jimenez (Easo) batu dira taldera.
Taldea prestatzen ari da sasoi berrirako, nahiz eta oraindik ez dakien zehazki noiz ekingo dion ligari. "Irailaren 30ean edo urriaren 8an hasiko gara; oraindik ez dakigu liga bakarra edo bi izango ditugun gure kategorian".

Bistan da lan bikaina egiten dutela saskibaloi alorreko prestatzaileek. Senior probintziala entrenatzeaz gain, Otaegik kadete  mailako nesken Gipuzkoako selekzioa ere gidatuko du, etxeko beste bi entrenatzaileren laguntzarekin: Endika Marrahi eta Xabier Altuna. Azaroan txapelketa edukiko dute.

Talde bakoitzeko entrenatzaileak

Saila aurkeztearekin batera, saskibaloi jokalariak prestatuko dituzten pertsonen berri ere eman du Ostadar Saskibaloiak:

  • Probintzial 1go mailako emakumeak: Ander Otaegi.
  • Probintzial 3. mailako gizonak: Gaizka Garmendia.
  • Errendimendu mailako junior neskak: Gaizka Garmendia eta Jonatan Reino.
  • Partizipazio mailako junior neskak: Endika Marrahi.
  • Errendimendu mailako kadete neskak: Jonatan Reino eta Laura Perez.
  • Partizipazio mailako kadete neskak: Aitor Las eta Jonatan Reino.
  • Infantil Handi neskak: Manu Risquez eta Olatz Castro.
  • Infantil Txiki neskak: David Reino eta June Eizmendi.
  • Saski Eskola: Endika Marrahi, Maddi Ruddi, Nahia Carrillo eta Laura Perez (beste entrenatzaileren bat fitxatzeko lanetan ari dira arduradunak).