Txema San Aniceto: "Jantziak egiteko aukera ederra da ikastaroa"

Txema San Aniceto: "Jantziak egiteko aukera ederra da ikastaroa"
Euskal Jaiak ate joka daudela eta, Ttakun Kultur Elkarteak jantzi tradizionalen ikastaroa antolatu du aurten ere. Urria eta azaroan izango dira bi ikastaro

Gona, zapiak, mantala, atorra...Euskal Jaiak edo Gabonetarako jantzia prest izateko, aurten ere Ttakun Kutur Elkarteak euskal jantzi tradizionalen ikastaroa egingo du. Bi ikastaro izango dira, urrian eta azaroan. Saioak astearte eta ostegunetan izango dira, 15:00etik 17:00era, Emakumeen Zentro Zibikoan. Izen ematea Ttakuneko bulegoan egin behar da. Matrikula   25 eurokoa da elkarteko bazkide ez direnentzat; bazkideek 22 ordaindu behar dituzte. Txema San Aniceto (San Miguel de Robledo, Salamanca, Espaina, 1956) izan da ikastaroko ikasleetako bat.

Nolatan erabaki duzu parte hartzea?

Denbora dut gauzak egiteko, eta jantzia egitea pentsatu nuen. Dantza egiten dut, eta ez dut jantzirik data seinalatuetarako. Erosi edo egin? Horixe izan zen nire buruari egindako galdera. Azkenean, egitea erabaki nuen. Uste nuen erraza izango zela, tolestura egin, goma bat sartu eta listo.

Eta zure emaztearentzako jantzia egin duzu…

Nire jantzia egin behar nuen hasieran. Baina ikastarora hurbildu, eta Ionek esan zidan hasteko emakumeen jantziarekin, gona egitea errazagoa zela. Baietz esan nion, pentsatuz tolestura egin, goma bat sartu eta listo izango zela. Ionek ezetz esan zidan, ez zela hori bakarrik, baina erraza zela. Nik bere esku utzi nuen, berak lagundu behar baitzidan. Emazteari bere gustuko oihalak erosteko esan eta jantzia egin nuen. 

Ba al zenekien josten? 

Zerbait banekien. Botoia jarri eta beste bi gauza. Makinarekin ere zerbait ibilia nintzen.

Orduan Ione Artola irakaslearen laguntza garrantzitsua izan da? 

Bai. Ionek patroiak egin zituen, eta nik gero oihalak moztu, albaindu eta josi nituen. 

Ikastaroan bi ordu ziren. Etxeko lanak ere eramaten nituen. "Hori erraza da, etxean egin behar duzu", esaten zuen Ionek, eta hurrengo egunerako prest izaten nuen. Egunero, pixkanaka pixkanaka, txalekoa izan ezik, gona, alkandora eta mantala egin nituen.

Pausoz pauso joan nintzen, eta alkandoran ere izurrak egin nituen. Hori izan zen zailena. Gero etxean txalekoa egitea erraza izan zen.

Asko ikasi dut, baita makinaren ojalak egiten ere. Etxean asko praktikatu behar izan nuen.

Zer moduz giroa?

Giro ederra izan dugu. Arazorik ez dut izan. Primeran egon gara. 

Ikastaroko kideek ere laguntzen ninduten. Hori horrela ez, hobe duzu horrela egitea… Edo Ionek erabilitako hitz teknikoak eta gauzak galdetzen nizkien. Esate baterako, nik ez nekien zer zen entretela, eta haiek azaldu zidaten. 

Nire errezelo bakarra hasieran izan zen, Emakumeen Zentro Zibikoan egiten zela jakitean. Ni horra sartu naiteke? Baina arazorik ez zegoen, eta aurrera egin nuen. 

Aurten ere parte hartuko duzu?

Bai, noski. Oraingoan bai, nirea egingo dut. 

Herritarrak animatzen dituzu ikastaroa egitera?

Jantzia egin nahi duenak aukera ederra du ikastaro honetan. Gizonezkoak ere pausoa ematera gonbidatzen ditut.