Musikak girotutako pintxo-pote berezia egingo dute bihar, larunbatean, herriko zenbait tabernak; Aterpea merkatarien elkarteak Pintxo Musika ekitaldia antolatu du egun guztian zehar. Mokadutxo goxoak garagardoaz lagunduta dastatzeko aukera eskainiko dute tabernariek, eta hiru euro ordaindu beharko dira trukean.
Txartel kafetegiak gaztaz betetako haragi-bolak eskainiko ditu, tomate saltsaz lagunduta. Primeran tabernan, berriz, etxeko saltsan bustitako ganba eta izokin broxeta dastatzeko aukera izango dute bezeroek. Txema tabernan txikitutako piperrez estalitako bokarta eta antxoa eta ogi txigortuaz lagunduko dute amstela. Arkupe tabernak teriyaki oilasko broxetak, curry mahonesarekin prestatuko ditu.
Egitasmoan parte hartuko duten beste taberna batzuk zuzeneko musika emanaldiak ere eskainiko dituzte. BUS tabernan, adibidez, barrengorri eta ganba pintxoa erosi ahal izango da. Musikak lagunduko du giroa jartzen, 12:00etatik 15:00etara.
Buenetxea tabernan, Lasarte-Oriako Ibai Berriak taldearen musikarekin dantzatuko dute bezeroek. Eta indarrak ez galtzeko, bakailaoa tipula eta piperraz lagundutako mokaduak dastatu ahal izango dituzte herritarrek.
Totx tabernak Big Time Selektors & Jah Inity musika taldea ekarriko du eguna girotzeko. Horiek 18:00etatik 22:00etara eskainiko dute emanaldia, eta pintxo beganoak prestatuko dituzte.
Aurten elkarlanik ez
Giro paregabea izango da bihar herrian. Izan ere, pintxo musikarekin bateraXacobeo azoka ere izango da. Hori gutxi ez, eta hipodromoan Donostia Festibala egingo dute, aurreko urteetakoei jarraipena emateko.
Donostia Festibala
Iragan urtean Kutxa Kultur Festibalarekin batera antolatu zuen Aterpeak egitasmoa, baina aurten ez dute elkarlanik izan, eta "euren kabuz" egingo dute pintxo musikatua.
Musika talde ezagunak izango dira ostiral eta larunbatean hipodromoan. Horien guztien artean Berri Txarrak talde nafarra arituko da oholtza gainean, baina horiekin batera, Kase. O, Pussy Riot eta C Tangana izan dira kartelburuak. Sarrerak oraindik salgai daude Interneten; antolatzaileek iaz baino bisitari gehiago aurreikusi dute.