Proposamena lasartearroi

Ekimenik gehienak modu xelebrean sortzen dira. Bateren bati pizten zaio buruko kandela, hark aipatzen dio bere tankerakoren bati otu zaiona eta ohartzerako, erremediorik gabe zabaltzen da norberak uste baino azkarrago eta zabalago. Halako gertaera baten berri eman eta proposamena egin nahi diot lasartear sentitzen den edonori

Ekimenik gehienak modu xelebrean sortzen dira. Bateren bati pizten zaio buruko kandela, hark aipatzen dio bere tankerakoren bati otu zaiona eta ohartzerako, erremediorik gabe zabaltzen da norberak uste baino azkarrago eta zabalago. Halako gertaera baten berri eman eta proposamena egin nahi diot lasartear sentitzen den edonori. Kontxako estropaden bigarren igandea joan berri den  honetan, herriko asko eta asko joan gara Donostiako badiara eta ondoren alde zaharreko kalexka eta tabernetara, gure jai egutegian leku berezia duen egunarekin gozatzera. Batzuk aspalditik gara estropada zale, nire kasuan Lasarte-Mitxelin herriko trainerua Kontxako uretan erakustaldiak ematen zituen garaitik. Horrek adin bat ematen dit, badakit, baina bizipen horiek itsatsita ditut barruan eta horrek ez du preziorik. Aitaren kotxean zinta hori eta urdina jarrita joaten ginen Donostiara, gaur egun trainerua duten herrietakoak joaten diren bezala. Horrek inbiria eman izan digu lasartear askori aspaldiko urteetan. Amaitu dira ordea inbiriak. Jon Altuna lankideak zeharka aipatutakoari hauspoa eman nahiko nioke (dagoeneko azaldu diot herritar bat baino gehiagori eta harrera ona  izan du ideiak). Hurrengo urteko Kontxako bi igandeei begira Lasarte-Mitxelinen arraun kamixetak aterako ditugu eta horri helduta proposamena: egin dezagun ikusgarri Orio, Urdaibai, Hondarribia eta beste hamaika koloreko kamixetekin batera gure herriak izan duen klubaren elastikoa. Ez dugula trainerurik? Ez, eta? Harrotasun ekimen bat besterik ez da eta nork daki…behar bada elastikotik tiraka etorriko da etorkizunean trainerua. Proba dezagun! Ea zer gertatzen den!