Asteburu honetan hasiko dute futbola goi mailako taldeetan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 7a, 13:30
Lehenengo eta bigarren mailan jokatzen dute herriko hiru futbolarik: Realan, Añorgan eta Athletic B-n

Denboraldi-aurrea aspaldi hasi zuten batzuk. Futboleko goi mailan asteburu honetan hasiko dute denboraldia, eta Lasarte-Oriak aurten ere izango ditu ordezkariak lehenengo eta bigarren mailetan. Iraia Iparragirre Realeko defentsan ordezkaezina izan da aurreko denboraldiko bigarren zatian.  Bestalde, Añorga taldean jokatzen dute Izaskun San Aniceto aurrelariak eta Itxaso Contreras defentsak. Azkenik, bigarren mailan ere, Irati Urruzola Athleticen bigarren taldean dabil. 

Iparragirrek ez du denboraldi-aurre gozoa izan guztiz. Izan ere, aurreko asteburuan Athleticen aurka galdu zuten Euskal Herriko Kopako finala. 3-0 aurreratu ziren bilbotarrak lehen zatian. Gol batekin markagailuan gerturatu zen Reala, baina dagoeneko partida erabakita zegoen; 5-1ekin altxa zuten kopa bizkaitarrek. 

Edonola ere, benetako partidak asteburu honetan hasten dituzte. Ez dute erraza izango, Iberdrola ligako lehen partida Kanariar Uhartetan jokatuko baitute. Igandean dute hitzordua Teneriferen aurka. 
Iaz zortzigarren postuan amaitu zuen Iparragirreren taldeak, eta Espainiako Kopa jokatzeko txartela eskuratu zuten ozta-ozta. Jokalariek liga hasi aurretik emandako prentsaurrekoan esan dutenez, denboraldi honetan "pauso bat aurrera" egin nahi dute. 

Bigarren maila 

Iparragirre ez da goi mailan arituko den herritar bakarra. Bigarren mailan bi taldeetan ordezkaritza izango du Lasarte-Oriak. Alde batetik, Añorga Kirol Elkartean jarraituko dute San Anicetok eta Contrerasek. Talde horretako entrenatzaileak ere lasarteoriarrak dira: Javi Soltxaga eta Julen Ormazabal. 2017-2018 denboraldia zazpigarren sailkatu ziren. Estreinua igande eguerdian dute, Añorgan bertan, Oliver taldearen aurka. 

Hain zuzen, Urruzolak Añorgatik eman zuen jauzia Athleticen bigarren taldera. Denboraldi bikaina egin du defentsak, bigarren sailkatu baita ligan talde bizkaitarra; lasarteoriatarrak ligako partida guztiak jokatu ditu. Igandean 17:00etan izango dute ligako lehen partida, Lezaman, Osasunaren aurka. 

Ostadar SKT

Bestalde, Ostadarreko seniorrek hilaren 23an hasiko dute liga. Azken bi urteetan igoera fasea jokatu dute, baina kanpoan geratu dira. Halere, aurten aldaketak egin ditu federazioak, eta bi multzotan banatuko dituzte erregionalak, mutiletan bezala. Herriko taldeak ohorezko mailan jokatuko du.