Extremaduraren jaieguna, 40. urteurrenean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 7a, 14:00
Extremaduratik etorritakoen bilgune da Ama Guadalupekoa elkartea. Orain 40 urte sortu zuten, Lasarte-Orian jaioterriko ohiturei eusteko. Asteburu berezia dute aurretik

Herri mina norberak barruan daraman sentimendua da. Ez du sekula alde egiten, baina  zama hori arindu egin ohi da egoera berean dauden herrikideen konpainian. Extremaduratik etorrita egin dute lasarteoriatar askok bizitza herrian, baina ez dute inoiz ahaztuko haien jatorria. Ezta ohiturak ere. Orain 40 urte sortu zuten Ama Guadalupekoa Extremadura Etxea elkartea, hain zuzen jaioterriko ohitura horiei eusteko Lasarte-Orian bertan. Urtero antolatzen duten festa berezia hasiko dute gaur: Extremadurako eguna, Guadalupeko Ama Birjina zaindariaren eguna. 

Otsailean bete zuen elkarteak  40 urte; 1978eko otsailaren 17an sortu zuten elkartea. Ordutik Extremaduratik iritsitakoen bilgune izan da. Baina asko zabaldu da sarea. "Haien seme-alabak eta senitartekoak ere badaude elkartean. Horiek ere nahi dituzte haien sustraiak gorde", azaldu du Angel Barrerak. "Ni adibidez ez naiz Extremadurakoa, hemen jaioa naiz. Baina beste askok bezala, harreman handia dut Extremadurarekin, urtean bizpahiru alditan joaten naiz familia bisitatzera". 

Beti zaintzen dute Extremaduraren eguna, baina aurten are arreta gehiago jarri dute. "Los Cabales taldea ekarri dugu Extremaduratik. Agian hemen ez dira horren ezagunak, baina oso onak dira, eta oso famatuak han". Gaur bertan joko dute, 23:00etan. 

Musika eta dantza

Baina dantza eta musikaz aparte, bada beste osagai garrantzitsu bat elkarteko bazkideentzat: gastronomia. Urtean zehar Lasarte-Orian egiten diren ekitaldietan ematen dituzte probatzera miga famatuak. 
Asteburu honetan ere ez da jatekoa faltako. Migez gainera, izango da aukera Extremadurako jaki tipikoak jateko: kozidoa eta paella. Horrez gainera, larunbatean egingo dute elkartean bazkideen afari ofiziala. Garrantzitsuak dira ekintza horiek, ohiturak ez galtzeko eta ordu batzuez herrimina apaltzeko. 

Egitaraua

Irailaren 7a, ostirala

18:00etan, txosnaren irekiera, Jaizkibel plazan

19:00etan, Oaintxe in deu txaranga Sasoetako kaleetatik

21:00etan, bandera igoera, Extremadura etxean

21:15ean, Extremadurako eltzekada, Extremadura etxean

23:00etan, Los Cabales taldearen emanaldia

01:00etan, Extremadurako migak

Irailaren 8a, larunbata

10:30ean, pintura lehiaketa, 2kn okindegi-kafetegian

11:30ean, haur-jolas eta tailerrak, Jaizkibel plaza

12:00etan, extremadurar meza Ecos de Monfragüe taldeak lagunduta, Extremadura etxea

14:00etan, herri bazkaria (paella jana), Jaizkibel plaza

17:00etan, txokolatada haurrentzat

19:00etan, Nafarroako extremadurar etxeko Brotes y Raices koru eta dantza taldearen emanaldia

21:00etan, bazkideen afaria

23:00etan, dantzaldia Ibai Berriak taldean eskutik

Irailaren 9an, igandea

12:00etan, Duende, Gitanillas eta Zambra andaluziar dantza taldeen emanaldia, Jaizkibel plaza

14:30ean, Extremadurako arkumeki-gisatua

18:00etan, 18 urtetik gorakoentzat bola-joko txapelketa

20:00etan, jaien amaiera eta bandera jaistea