Salgaiak berritzeko Stock Azoka, denda atarietan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 7a, 13:00

Aterpea merkatarien elkarteak eta udalak elkarlanean antolatu dute Stock Azokaren beste edizio bat. Atzo hasi bazen ere, gaur ostiralez ere izango dute aukera herritarrek denboraldiko produktuen soberakinak erosteko kalean bertan

Herriko merkataritza sustatzeko  Aterpeak egiten duen lana ez da makala. Ikasturte berriarekin batera ekintzei hasiera eman diete egunotan, herriko denda atarietan egingo duten Stock Azokarekin. Bederatzi dendak parte hartuko dute aurtengoan, eta eskaintza bereziak egingo dituzte denboraldiko soberakinekin. Aterpearen ustez, "une egokia" da sasoiz kanpoko produktuak saltzeko, baina baita eskaintza berriak ezagutzeko ere.

Hori da egitasmoaren helburuetako bat; salgaiak berritzeko, denboraldiko produktuak saltzea. Horrela, herriko komertzioaren bizitza indartu nahi dute.

Bederatzi komertzio 

Herriko bederatzi dendak parte hartu dute aurtengo azokan: Deco 75 etxeko ehunak, Alba Moda, Olmi mertzeria, Leder oinetakoak, Arregui elektrizitatea, Iturbe zapatadenda, Ines Flores artisautza, Mabel Moda eta Imagine jantzi dendak. Horien guztien artean jantziak,  oinetakoak, etxeko arropak, eskulanak eta beste zenbait produktu erosteko aukera izango dute bezeroek. 

Identifikatzeko erraza

Udalak karpa txuri batzuk utzi dizkie azokan parte hartu behar duten komertzioei. Horiek denda atarietan jarriko dituzte, eta bertan erosi ahal izango dira eskaintzako produktuak.

Herriko merkatariek azaldu dutenez, batzuentzat mesedegarria izan ohi da ikasturte hasierako egitasmoa. Alba Moda arropa dendako Yolanda Albarentzat "lagungarria" da Stock Azoka: "Hilabete zaila izaten da iraila, udatik buelta eta ikasturte berriaren hasiera, eta hori kontuan hartuta, niri oso ondo joan ohi zait bai iraileko azoka, eta baita udaberrikoa ere".

Jendea eskaintzak begiratzera gerturatzen da, agian erosteko asmo handirik gabe, baina prezioak ikusi eta erostera animatzen direla azaldu du Albak. %50 eta %60-ko deskontuak ditu.

Beste komertzio batzuek, berriz, ez dute urteko salmentekin alderatuta alde handirik nabari. Arregui elektrizitateak, esaterako, beste hilabeteetako salmentak mantentzen ditu: "Ikasturte hasiera izanda, mahai lanpara asko saltzen ditugu, baina hilabeteak hala eskatzen duelako". Haizagailuak dituzte stockean; baina udazkena bidean, eguraldiak urte sasoi honetan ez du horiek erostera bultzatzen.