Pentsiodunek mobilizazioekin jarraituko dute

Pentsiodunek mobilizazioekin jarraituko dute
Oporretako etenaldia egin ostean, pentsiodunak astelehenero bilduko dira haien eskubideak aldarrikatzeko

Ikasturte berria hasi da, baina ez dira aurrekoaren gaitzak amaitu. Lasarte-Oriako Pentsiodunen Koordinakundeak azaldu duenez, astelehenean, hilaren 10ean, ohiko mobilizazioekin jarraituko dute. 11:30ean bilduko dira, Okendo plazan.

Pentsio publiko duinak eskatzen dituzte. Alegia, gutxieneko 1.080 euroko ordainsaria. Gobernu aldaketa izan da Espainian, eta Pedro Sanchez presidente berriak hitzeman du gaia aztertuko duela. Baina erretiroa hartutakoak ez dira politikariez fio, eta kalean indarra egiten jarraituko dute.

Aurtengo otsaila aldean hasi ziren mobilizatzen. Hasiera batean dozena bat pertsona elkartu ziren Okendo plazan, baina hurrengo elkarretaratzetan 200 pentsiodun baino gehiagok egin zuten protesta.