Etxez-etxeko laguntza zerbitzua kudeatzeko lizitazioa martxan da

Sostengu orduak gehituko dituzte. Horretarako, erabiltzailea gizarte langilearekin jarri beharko da harremanetan

Abuztuaren 29an zabaldu zuten eskaintzak aurkezteko epea, eta urriaren 3ra bitarte izango da horretarako aukera. 60 urtez gorakoez gainera, dependentzia edota desgaitasunen bat duten pertsonek ere jaso ahal izango dute zerbitzua. Bi urterako zerbitzua izango da, baina urtebeteko beste bi luzapen egiteko aukerarekin. 1.977.021,78 euroko (BEZ barne) prezioa finkatu dute lizitazioarentzat.

Etxebizitza komunitarioak

Lizitazio berriak hobekuntzak izango ditu. Beste hainbaten artean, sostengu orduak gehituko dituzte, asteko arreta orduak eta gaueko arreta zerbitzua ahalbidetuta. 

Lasarte-Oriako Udalak bi etxebizitza komunitario dauzka, 60 urtez gorako pertsonentzat. Gaur-gaurkoz zortzi plaza daude guztira, eta horietatik zazpi jadanik beteta daude. 

Etxebizitza horietan eguneko arreta orduen ratioa 1,5 ordukoa izango da lanegunetan, eta 0,5 ordukoa, berriz, asteburu edo jaiegunetan. Zerbitzu horiek eskatzeko gizarte langilearekin hitzordua eskatu behar da, edota 943 376 179 telefonora deitu.