Michelinen jarri dute rokodromoa

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 3a, 19:37
Teniseko pisten ondoan ezarri dute eskaladarako gunea, hobetuta. Erabilgarri dago dagoeneko.

Uztailean eta abuztuan lanean egon dira rokodromoa Loidibarrenetik Michelinera eramateko. Baina eskaladarako gunea prest dago dagoeneko, toki itxi batean, euritik babestua. Jesus Zaballos alkateak, Txus Alonso Kiroletako zinegotziak eta Karlos Altuna kiroldegiko kudeatzaileak aurkeztu dute rokodromo berriaren kokapena. 

Udalak kudeatuko du rokodromoa. Beraz, erabili ahal izateko Michelingo kirol gunera joan beharko da. Bazkideak doan sartu daitezke; gainerakoek, sarrera ordaindu beharko dute.

Ondokoa da rokodromoaren egutegia: astelehenetik ostiralera, 15:30etik 22:30era. Larunbatetan 09:00etatik 20:00etara. Igande eta jai egunetan, berriz, 09:00etatik 13:00etara. 

Erabilpen egokia eta segurtasuna bermatzeko, erabiltzaileek arauak derrigor bete beharko dituzte; atarian horien kopia bat emango zaie.

Rokodromoa lekualdatzeko lanak Horma Rokodromoak enpresak egin ditu, 20.320 euro ingururengatik. Gainera, instalazioak hobetu dituzte; 300 helduleku baino gehiago jarri dituzte, eta eskalatzaileek aukera gehiago izango dituzte haien ibilbidea egiteko. Etorkizunean rokodromoa handitzeko aukera eta lekua badago ere.