Aurkeztu dituzte aurtengo Emakumeen Zentro Zibikoko ikastaroen tailerrak. Izena emateko epea ere irekita dago, eta ostiralean itxiko da. Zentro Zibikoan bertan jaso daiteke informazio gehiago, baita izena eman ere. "Askotariko" ikastaroak daudela nabarmendu dute antolatzaileek. Horietako asko, gainera, doakoak dira. Plazak baino handiago bada eskaria, zozketa egingo dute izen emandakoen artean.
Jesus Zaballos alkateak, Zentro Zibikoko berdintasuneko teknikari Maite Iglesiasek eta Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Izaskun Oronozek aurkeztu dituzte ikastaroak. Horrez gain, adierazi dute Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeen gunea astearteetan izango dela; ez da izenik eman beharrik hara joateko. Gainera, haurtzaindegi zerbitzua izango da, baldin eta hiru egun lehenago abixatzen bada.
Bestalde, Autokudeaketa Zerbitzua eskaintzen du zentroak; talde zein elkarteak baliatu daitezke horretaz. Zentroa doan uzten diete, baldin eta lekua libre badago eta dirua irabazteko asmorik ez duen ekitaldia bada.
Dirua irabazteko asmoarekin ere balia daiteke zentroa, udaleko ordenantza fiskaletan jasota dagoen bezala.
Ekitaldi guztiak talde dinamika labur batekin osatuko dira, berdintasuneko edukiak, ahalduntzeko prozesuak eta indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko. Gainera, udalaren arabera, euskararen erabilera bultzatzeko onetsia duen planean adostutako hizkuntzazko jokabideak jarraituko dira ikastaroetan.
Ondokoak dira ikastaroak eta Lasarte-Orian erroldatuta daudenentzako prezioak:
- Biodantza (38,25 euro)
- Antzerkia (51 euro)
- Yoga (38,25 euro)
- Ehoziriak (43,96 euro)
- Tai-Xia (21,98 euro)
- Sabel-dantza (30,60 euro)
- Hipopresiboak (44,55 euro)
- Kantua (doan)
- Jantzi konponketa eta patroiak (doan)
- Bitxien tailerra (doan)
- Emakumeen arteko elkarrizketak (doan)
- Orratz lanak (doan)
- Batuka (doan)
- Euskara Txokoa (doan)
- Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeen gunea (doan)
- Gure kultura orokorra lantzen (doan)
Bestelako jarduerak
- Bikoteentzako hazkunde erotikoa
- Zoriontsua izateko gakoak
- Gorputza entzuten eta atenditzen ikasiz
- Zentra-t, mugimendutik isiltasunera (meditazioa)