Txokoengatik erre dituzte aurten akusatuak

Umorea, musika eta dantza. Ezaugarri horiek uztartu dituzte aurtengo Santa Anako parodian. Urteko gaiei errepasoa egin diete, ironiaz.

Iritsi da urteko kontuak taulagainean jartzeko momentua. Ostegun gauean, San Ana egunez, urteko triskantzak antzeztu dituzte Okendo plazan. Urtero moduan, umoretik jorratu dituzte gaiak, baina pisuzkoak izan dira oholtzara eramadakoak. Hemen gaueko arkazki galeria. 

Emanaldiari hasiera eman aurretik, desfilea egin dute antzezle eta musikariek herrian barrena, eta gauerako indarrak hartzeko afaria prest zuten. Sasoetako Saustatxo elkartean elkartu dira aurten, eta giro ederrean jan dute mokadutxoa.

Bandoak eman dio hasiera parodiari, ohi bezala, baina modu berrian iritsi da: rap doinuek lagunduta abestu dute 2018. urteko bandoa. 
Asko izan dira ikus-entzuleei aurkeztutako gaiak; kirol instalazioak, Antonio Merceroren Verano Azul udako abestia, eta haurtzaindegietako plaza mugatuak, besteak beste. Baina guzti horien artean ere atera da azken denboran herrian bolo-bolo ibilitako gaia: Udako Txokoak. 

Horien guztien errudunak, eta hasieratik akusatuak izan direnak ere taulagainean izan dira; Jonan'tar Jonan eta Lurdes Aiquemiedo Medoy epaitu dituzte aurten, eta horiei egotzi dizkiete taularatutako nahasteak. Euren burua defendatzen saiatu dira bi akusatuak, eta abokatuaren laguntza izan badute ere, epaileak ez ditu errugabetzat hartu, eta azkenean, egindako kaltearen ordainetan, sutan erre dituzte. 

Bestalde, arratsaldean jokatu dira Santa Ana pala txapelketako finalak. Aurten Xabier Arteagak eta Beñat Muruak jantzi dute txapela. Nagusitasunez irabazi diete Arluziaga-Odriozola bikoteari. Atzean lan fina egin du Arteagak, eta Muruak errematea eman dio partidari. Aurretik, hirugarren postua erabaki da. Partida horretan Jon Begiristainek eta Josu Iparragirrek Jon Pello Artetxe eta Haritz Urkia garaitu dituzte; norgehiagoka oso berdindua izan da.