Maider Rekondo: "Indarra ez da nahikoa, teknika ere behar da"

Adrian Garcia 2018ko uzt. 27a, 12:30

Euskal selekzioarekin debuta egin, eta Federazio Torneotik marka pertsonala onduta itzuli da atleta gaztea. Espainiako txapelketan laugarren izan da, 23 urtez azpikoetan

Denboraldia bukatuta, merezitako oporrak hartzeko desiratzen dago Maider Rekondo (Lasarte-Oria, 1997). Azken hilabetean izan ditu denboraldiko txapelketa garrantzitsuenak; Espainiako txapelketa eta Federazio Torneoa. Disko eta pisu jaurtitzaileak euskal selekzioarekin egin du debuta azken horretan. Diskoan marka pertsonala onduta bueltatu da herrira. 

Zer moduz Federazio Torneoan? Euskal selekzioarekin debuta egin duzu.  

Oso ondo, nahiz eta maila altua zegoen. Soilik diskoan lehiatu nintzen. Rankingean bederatzigarren nago, baina txapelketa zazpigarren tokian amaitu nuen. Espero nuena baino hobeto, eta, gainera, marka pertsonala lortu nuen: 40,80 metro. 

Selekzioarekin lehen aldia zenuen. Urduritasun puntu bat eman al dizu horrek?

Iaz ere deitu zidaten, baina azterketa garaia nuen, eta ezezkoa eman nien. Nahiko lasaia naiz, eta ez naiz urduri jartzen. Espainiako txapelketan agian gehiago, domina jokoan baitago. 

Hurrengo urtean ere hautatua izateko aukerak dituzu, orduan.  

Hala pentsatzen dut. Nire markatik gertu daude batzuk, baina maila honi eusten badiot berriro joan naiteke.

23 urtez azpiko kategorian lehiatzen duzu. Halere, Federazio Torneoan absolutu mailan aritu zara.

Bai, lehiakide gehienak absolutuak ziren. Halere, bageunden ere kirolari gazte batzuk. 

Espainiako txapelketa ere izan da orain gutxi. Zer moduz ibili zinen?   

Laugarren egin nuen diskoan, eta zazpigarren pisuan. Pisuan markatik urruti ibili nintzen, nahiz eta oso maila altuegirik ez zegoen; nahiko merke zeuden dominak. 

Hurrengo urtean izango da 23 urtez azpiko kategorian zure azken urtea. Domina lortzea izango al da helburua? 

Ikusiko da. Tenerifera noa ikastera [Ingeniaritza Mekanikoa ari da egiten] lehen lauhilekoan, eta ez dakit atletismoan entrenatuko dudan. Errugbia probatzea gustatuko litzaidake. Nire anaiak egiten du. Bueltan gutxieneko marka lortu behar nuke sailkatzeko. 

Nahiago al duzu disko jaurtiketa pisua baino? Zergatik?  

Gehiago gustatzen zait diskoa. Pista estalian pisua bakarrik egiten dut, diskoa ez dagoelako. Orduan aire librean diskoa bakarrik egitea gustatzen zait.  

Nolakoak izaten dira zuen entrenamenduak? Zer lantzen duzue?

Egia esan ez dut asko entrenatzen, ikasi egin beharra dut eta. Astean bitan, gehienez hirutan joaten naiz. Egun batean teknika lantzen dugu, eta bestean indarra; pisua altxatzen ibiltzen gara. Indarra hartu behar izaten da. Hirugarren eguna egiten badut, aldapa batzuk eta hesiak saltatzen ditut. 

Noiz hasi zinen atletismo egiten? Zergatik?

Orain bost bat urte. Batez ere lagunak zeudelako hasi nintzen.

Eta jaurtiketatik zerk erakarri zintuen? 

Nik berez pertika jauzia egin nahi nuen, baina nire gorpuzkeragatik jaurtiketara bideratu ninduten. Atletismoa giroagatik gustatzen zait, jendearengatik. Eta pisua jaurtitzen gustura egoten naiz. 

Indarra bakarrik ez, teknika ere beharko da urruti jaurtitzeko, ezta?  

Indarrak edukitzearekin bakarrik ez du balio, koordinazioa behar da. Baldarra baldin bazara ez duzu zereginik. Halere, pisuan gutxieneko indarra behar duzu, teknika egiteko beharrezkoa baita. Diskoa teknikoagoa da. Abiadura behar da, baina gero eta azkarrago, orduan eta zailagoa da jaurtitzea. 

Zeintzuk dira modalitate horretako zure kirolari erreferenteak? Jarraitzen al duzu goi mailako atletismoa? 

Diskoan bada Sandra Perkovic izena duen bat, Kroaziakoa. Dena irabazten du, nahi duen bezala. Instagramen jarraitzen ditut, eta ikusten ditut bideoak. Kontua da ni ezkerra naizela, eta haiek ez. Eta horrek txokatu egiten du. 

Jaurti aurreko une horiek nola izaten dira? Kontzentrazioa beharrezkoa izango da, ezta? 

Kontzentratu eta jaurtiketa irudikatu beharko litzateke. Egia esan nik ez dut hori egiten, joan eta jaurti egiten dut, besterik gabe. Entrenatzaileak esaten dit: "Maider, egon lasai eta pentsatu". Nik nahiago dut ateratzen zaidan bezala jaurtitzea. Teknika pentsatzen badut okerrago ateratzen zait. 

Bakarkako kirolak gogorragoak al dira taldekakoekin alderatuz?  

Taldekako kirol batean behartuta zaude dena ematera, bestela taldekideak izorratzen dituzu. Hemen zerbait gaizki egiten baduzu zuk ordaintzen dituzu ondorioak. 

Fisikoki kirol gogorra dirudi. Lesioak izaten al dira maiz?  

Ez gehiegi; jauzi hirukoitzean gehiago izaten dira, inpaktu handiagoa duelako. Behin orkatila okertu nuen, baina bestela ez naiz sekula lesionatu.