Ligako sailkapena iraultzeko itxaropena du Fernandezek

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 26a, 12:30
Hondarribian ari da lehiatzen arraunlari lasarteoriatarra, goi mailan; laugarren postuan daude Euskotren Ligan

Inork ez zuen esan erraza izango zenik. Goi mailan ari da lehiatzen Intza Fernandez arraunlaria, Hondarribiko traineruan. Halere, Euskotren Liga ez dute nahi bezala hasi, eta laugarren postuan daude egun. Azken asteburuko estropadetan ere ez dira behar bezala ibili; laugarren egin dute. Dena den, hirugarrena puntu gutxira dute, eta abuztuko lehiaketetan sailkapena iraultzeko itxaropena du Lasarte-Oriakoak. "Helburua da hirugarren egitea, kategoriaz jaisteko kanporaketak saihesteko", kontatu dio TXINTXARRI-ri. 

Hondarribiko taldea berria da, eta, beharbada, horregatik ari zaie zertxobait kostatzen. "Eskarmentua dugun jendea dugu gure artean, baina taldea hutsetik hasi da. Hasieran ez nuen uste Euskotren Ligarako sailkatuko ginenik, baina sekulako maila eman genuen". 

Denboraldiko une garrantzitsuena iristear du arraunlariak. Ia astebururo jokatuko dute estropada, eta irailean Kontxako Bandera dute.

Aurten emakumezkoen traineruetan bi liga sortu dituzte. Goi mailakoan, Euskotren Ligan, lau taldek lehiatzen dute (Orio, Hondarribia, San Juan eta Gu-Arraun). Liga ETEn bederatzi talde daude, tartean Donostiarra, Fernandezen talde ohia.