Urrezko Koparako motorrak berotzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko uzt. 25a, 13:15

Abuztuaren 15ean jokatuko den Urrezko Koparako motorrak berotzen jarraitzen dute jockeyek eta zaldiek. GIpuzkoako Foru Aldundia Sarian nor baino nor gehiago aritu dira asteburuan; 'Le Rafale' zaldi frantsesa izan da azkarrena. 'Red Onionek' ere eman du zeresana

Gero eta gertuago dago zaldi lasterketen udako denboraldiko zita garrantzitsuena: Urrezko Kopa. Abuztuaren 15ean jokatuko da, asteazkenarekin, 17:30etik aurrera. Borobila izango da aurtengo proba: 50 urte betetzen ditu aurrenekoz ospatu zenetik. Hori dela eta, motorrak berotzen ari dira zaldiak, jockeyak eta prestatzaileak. Gipuzkoako Foru Aldundia sari nagusia jokatu zuten pasa den asteburuan. Le Rafale zaldi frantsesa izan zen azkarrena. J.L. Borregok gidatu zuen zaldia bi kilometro pasatxoko proban. Alegria zalditegia arduratzen da animalia zaintzeaz. Celestin's eta El Puntalek osatu zuten igande arratsaldeko laugarren lasterketako podiuma.

Urrezko Koparako bi prestaketa proba jokatu ziren igandean. Le Rafalek irabazi zuen horietako bat, eta Red Onion ingelesak bestea. Aditu eta zaleen artean zeresan handia sortu du azken egunotan. Joan den urtean Poule proba entzutetsurako prestaketan parte hartzera iritsi zen zaldia, baina orduz geroztik asko jaitsi zuen maila. Hori ikusita, bere aurreko jabeek saldu egin zuten aurtengo otsailean, eta, gaur egungo prestatzaileen eskutik, maila onena ari da berreskuratzen apurka-apurka. Igandean erakutsi zuen ezustea eman dezakeela abuztuaren 15ean jokatuko den Urrezko Kopan. 
Asteburu honetan Kriterium Nazionala jokatuko da, besteak beste. 17:30ean hasiko dira lasterketak, astero bezala.

Abuzturako ere, hainbat hitzordu; 5ean, igandearekin, Maria Kristina Hotela saria. Astebete beranduago, Eusko Jaurlaritzarena. 15ean, esan bezala, Urrezko Kopa. Hilaren 26an berriz, Luckia Casino saria. 17:30ean hasiko dira guztiak.