Tamaina handiko zaborrak ateratzeko egunak eta orduak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 24a, 18:43

Azken aldiko jarrerak salatu ditu udalak, eta "gizalegerik gabeko jokabideak" ekiditeko, isunak jarriko ditu udaltzaingoak

Azken denboran, tamaina handiko zabor kopuru handiak biltzen ari dira Lasarte-Oriako hainbat puntutan. Edozein egunetan uzten dute zaborra kalean, eta hori saihesteko, zabor horiek ateratzeko egunak eta orduak zehazten dituen kartelak itsatsiko dituzte ontzi arinen eta paperaren zaborrontzietan.

Udal ordezkariek susmoa dute kanpotik jende asko etortzen ari ote den Lasarte-Oriara zabor horiek uztera, eta, beraz, jarritako baldintzen betetzea ziurtatzeko, udaltzaingoak herriko 52 zabor  puntu behatuko ditu.

Astean behin atera ahal izango dituzte bizilagunek tamaina handiko hondakinak: asteazkenetan,  20:00etatik 24:00tarako ordu tartean (ostegunetan jasoko dute). Ostegunak jai tokatzen direnean, berriz, asteazkenetan jasoko da zaborra, eta, beraz, asteartetan atera beharko da ordutegi berdinean.

Atera ezin daitekeena
Obra hondakinak, komun ontziak, bateriak, margo hondakinak, gurpilak eta paletak ateratzea debekatuta dago. Koltxoiak, mahaiak, aulkiak, armairuak, lanparak eta besaulkiak dira atera daitezkeenak.
Gogorarazi dute, tamaina handiko edozein hondakin eraman daitezkeela Usurbil edo Hernaniko garbiguneetara.

Iazko Datuak
2017. urtean Lasarte-Orian 244.100kg tamaina handiko hondakin jaso ziren, 13.45kg biztanleko.