Zeharkaldirik jendetsuenean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 24a, 17:35
Itsas zeharkaldi berezia da Getaria-Zarautz. Urtetik urtera igo egin da parte hartzaileen kopurua; 2.400 inguruk egin dute aurten bi herriak lotzen dituen 2.850 metroak uretan. Lasarte-Oriako 26 igerilarik egin dute proba, "giro onean"

Badu zerbait berezia Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiak. Beste hamaika ur irekietako proba egiten dira Euskal Herrian, baina horiek ez dute horrenbeste arreta erakartzen. Eta ez da harritzekoa; 2.900 pertsonak izen eman dute aurtengo ediziorako. Tartean, urtero bezala, lasarteoriatar mordoa. Guztira 26 herritarrek egin dute Getariatik Zarauzko hondartzarainoko 2.850 metroak. 

Xabier Elizegik argi du zergatik den berezia: "Giroak erakartzen du jendea. Esan daiteke igeriketaren Behobia-Donostia dela". Euskal Herrian ez dago horren zeharkaldi jendetsurik. "Espainian ere ez da horrelakorik", esan du Elizegik. Badu beste antzekotasun bat Behobia-Donostiarekin. "Igeri egiten ez duen jende askok parte hartzen du. Apustu edo erronka bezala askok". 

Helmugara iristen lehen lasarteoriatarra izan da Elizegi. Espero baino hobeto egin du, entrenamenduetan beste urteetan baino okerrago aritu baita. "Marea goran zegoen, eta metro gehiago egin behar izan ditugu. Halere, itsasoa bare eta olatuak alde zeuden". 

Ongi pasatzera
Beste zeharkaldiekin alderatuz, maila hobexeagoa ere izaten du. Ingurukoetan lehen postuetan ibiltzen da beti Elizegi. Igandean 40. lehorreratu zen (zortzigarren gizonezkoen Master 1 kategorian). "Espainiako txapelketa izan da aurreko astean, eta sasoi betean etorri dira gazteak". 

Aintzane Usandizagak lehen Getaria-Zarautz izan du aurtengoa. "Udan beti egin dut igeri hondartzan, baina iaz hasi nintzen igeriketan entrenatzen". Buruntzaldea IKTko Master atalean aritzen da lasarteoriatarra. Iaz Donostiako zeharkaldi pare bat egin ostean, aurten animatu da Getaria Zarautzera. "Seguru aski ezagunena izango da. Entzunda nuen hari buruz, eta horregatik erabaki nuen egitea. Gainera, itsasalde hori oso ederra da". 

Gustura ibili da igerian Usandizaga, bere erritmora. Jende asko egon arren, arazorik ez du izan irteeran eta estutasun gehiegi igaro gabe egin du aurrera. "Giro oso ona zegoen. Atzeko taldeetako batean nengoenez, jendea igeri egitera bai, baina batez ere ongi pasatzera atera da". 

Lehenengo aldiz 
Eneritz Mendiluzek ere lehenengo zeharkaldia izan du: "Zoragarria izan da". Ahizpak animatuta eman zuen izena, "erronka berri gisa". Igeriketan jardundakoa da bera, baina itsaso zabalean igeri egiteak errespetua ematen zion. Orain arte. "Distantziak ez ninduen beldurtzen, bai, ordea, ur azpian aurkitu nezakeena". Halere, igandean ez zen horretaz akordatu. "Oso gustura egin dut igeri. Burua altxatzen nuen bakoitzean paraje izugarriak ikusten nituen". 

Dena den, Mendiluzek nabari izan du aglomerazioa. Getariako portua estu samarra da, eta igerilariak pilatu ohi dira irteeran. "Hasiera kaos bat izan da, denek aurrera egin nahian". Baina helburua ongi baino bete du. Bere ahizparekin eta haren bi lankideekin, laurak batera ailegatu dira Zarauzko helmugara. "Hurrengo urterako gorriz markatu dut data egutegian".