Presoen aldeko oihuek eta bizikletek bete dituzte Lasarte-Oriako errepideak

Mont de Marsan eta Zaballako espetxeak era sinbolikoan lotzea du helburu Orain presoak ekimenaren baitako bizikleta itzuliak. Donostiatik Altsasura bitarteko etapa egiten ari dira gaur; 10:30ak aldera igaro da herritik. Presoen aldeko oihuek eta bizikletek bete dituzte errepideak

Hainbat herritarrek erantzun diote pasa den asteartean Lasarte-Oriako Sarek egindako deiari, eta errepidera atera dira, presoen aldarriak bizikleta gainean Altsasura arte garraiatzeko. Donostiatik abiatu da bizikleta itzuli honen hirugarren etapa, eta Nafarroarantz doa uneotan. Orain presoak ekimenaren baitako ekintza da; Mont de Marsan eta Zaballako espetxeak era sinbolikoan lotzea du xede.

09:30erako prest zeuden hainbat herritar, Atsobakarreko biribilgunean. Presoen aldeko banderak eta ikurrinak eskuetan, eta bizikleta gainean. Donostiatik etorri diren txirrindulariak atzeratu egin dira apur bat, eta kafetxo bat hartzeko aprobetxatu du batek baino gehiagok; presoen aldarriak lau haizetara zabaldu aurretik indarrak hartzeko. 10:30ean iritsi da tropela, bi furgoneta aurrean zituela. Bozinek eta megafonoko soinuek iragarri dute euren etorrera. 

Esan bezala, Atsobakarreko biribilgunean egin dute bat herriko txirrindulariek tropelarekin. Tajamar aldera jaitsi dira, biribilgunean sartu eta Kale Nagusitik pasatzeko. Zumaburu auzoa pasa dute aurrena, Oztaran gero, Basaundi, Oria, eta Nafarroarantz abiatu dira. Altsasura iristea du xede gaurko etapak. Bihar abiatuko dira Zaballako espetxera; bertan bukatuko dute bizikleta itzulia.