Sustoa gorputzean zutela ekin diote dantzariek ikuskizunari, baina apenas nabaritu da. Euren abilezia erakutsi zuten atzo arratsaldean, Elizatze plazan, lurra euriagatik bustita bazegoen ere. Hika Teatroaren eta Oinkari dantza taldearen Sagartu ikuskizunaz gozatu zuten hainbat lasarteoriatarrek. Lasarte-Oriako Udalak udarako programatutako XIV. Dantza Zirkuituko emanaldietako bat izan zen atzokoa.
Zazpietan ziren dantzan eta antzezten hastekoak, baina hainbat dantzari Elizatze plaza ondoko igogailuan geratu ziren, irten ezinik. Ordu erdi beranduago hasi zen ikuskizuna, baina merezi izan zuen itxaroteak; zur eta lur geratu ziren ikus-entzuleak emanaldiarekin.
Ikuskizunaren izenburua ez da kasualitatez jarritakoa: sagarra da emanaldiko protagonista nagusia. Paradisuko garaietatik dator fruta horrekiko lotura; dantza, musika eta antzerkia uztartuz, sagarrak dituen esanahi guztiak plazaratzen dituzte Hika Teatroko eta Oinkari dantza taldeko kideek. Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak sortu dute Sagartu.