Asteartean amaitu zen Santa Ana pala txapelketako lehen fasea. Sei bikotek hasi zuten lehia, eta finalerdietako partidak atzo arratsaldean jokatu ziren Loidibarren pilotalekuan.
Lehen faseko hamar jardunaldiak jokatu ostean, sailkapeneko lehen lau bikoteek lortu dute final erdietarako txartela. Bi soilik geratu dira kanpo: Gurutz Iturbe-Josu Arabaolaza eta Jon Pagola-Jesus Ferreira.
Era honetara, atzo, Xabi Arteaga-Beñat Murua bikoteak Jon Pello Artetxe-Haritz Urkia izan zituzten aurrez aurre. Partida luzean, Arteaga eta Muruak 30-14 irabazi zuten.
Beste partida, berriz, Iñigo Arluziaga-Xenki Astiazaran eta Jon Begiristain-Josu Iparragirre bikoteen arteko norgehiagoka izan zen. Baina Xenki Astiazaranek ezin izan zuen jokatu, eta Bernaitz Odriozolak hartu zuen bere lekua. Bikote aldaketa ez zen arazorik izan eta Arluziaga-Odriozola bikotea 30-22 gailendu zen.
Arteaga-Murua eta Arluziaga-Odriozola bikoteen arteko finala Santa Ana egunean, uztailaren 26an, osteguna jokatuko da. Lehenik, 18:30ean hasita, hirugarren postua lehiatuko dute Jon Pello Artetxe-Haritz Urkia eta Jon Begiristain-Josu Iparragirre bikoteek.