Saltoki handien hedatzea galarazteko helegiteak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 20a, 11:45

Lasarte-Oriako EH Bilduk eskatu du merkatalgune handien zabaltzeari mugak jartzeko. A-33 Teresategi eremuari dagokion Bateragarritasun Planari helegiteak jartzeko epea zabalik dago; aurkeztutako argudio horien berri eman du alderdiak

Irmo mantendu da hasieratik Lasarte-Oriako EH Bildu A-33 Teresategi eremuan eraikiko duten Leroy Merlinekin; merkatalgune handien zabaltzeari mugak jartzeko eskaera egin dute Pablo Barrio, Gorka Lizarraga, Leire Elizegi eta Kristina Bernal zinegotziek. Horrekin batera, ekainaren 14an Eusko Legebiltzarrean EH Bilduren ekimenez aurkeztutako merkatalgune handien inguruko legez besteko proposamenarekin bat egin dute. Horrekin merkatalgune handien zabaltzea "mugatu" nahi dute; hiru hilabeteko epea eman diote Gasteizi saltoki handiei buruzko plan bat aurkezteko. Hori bai, plan horrek "argi berdea" izan bitartean, moratoria bat ezartzea ere eskatu dute. Eskaera hori bera egiten dio alderdiak Lasarte-Oriako Udalari. Izan ere, saltoki handiek dendari txikiei, ingurumenari eta lurralde antolakuntzari kalte handiak eragiten dizkiotela arrazoitu du alderdiak.

Helegiteen epea

A-33 Teresategiko Bateragarritasun Plana onartu eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu ostean, alegazioak aurkezteko epea zabalik da orain. Uztailaren 27a izango da horretarako azken eguna; EH Bilduk aurkeztuko ditu bereak.

EH Bilduren ustetan, hirigintza proiektuak "ez dio interes orokorrari erantzuten". Herritarrek egindako eskaerei erantzun beharrean, "merkataritza maraka handi baten eskaintzari" erantzuten diola azaldu du: "Neurrira egindako urbanismoa da". 

Salatu dute proiektuaren justifikazioa nahikoa ez dela. "Proiektuaren eragin sozioekonomikoa neurtzeko azterketarik ez da egin, eta hori beharrezkoa da".

Indarrean dagoen lurraldeko ordenantzarekin "bateraezina" dela ere gogorarazi du EH Bilduk: "Planteatzen den antolamendu orokorraren aldaketa ez dator bat indarrean dauden irizpideekin; guztiek diotenez periferiako merkatal gainazal handiak kaltegarriak dira hirien eta herrien biziarentzat".

Prozesu parte hartzailearen "eskasia" ere argudiatu du alderdiak. Adibideak aipatu ditu: prentsan jarritako saio informatiboen iragarkiak herriko kroniketan jarri beharrean, kirol atalean jarri dituzte; eta kalean jarritako orri zuri-beltzak herrian jarri beharrean, Errekalden jarri dituzte. Horren ondorioz, jende gutxik jakin zuen saio informatiboaren berri. Horren irakurketa egin du EH Bilduk: "Leroy Merlinen ustezko onurak ez dira hain nabarmenak modu hain zabarrean ezkutatu behar dituztenean".