Ezin ekaitzaren aurka borrokatu

Adrian Garcia 2018ko uzt. 20a, 12:00
Jon Lasarte eta Javi Olazagoitia mendi korrikalariak Ehunmilak lasterketan parte hartu dute. Bertan behera geratu da proba, ekaitza indartsu batek harrapatu baitzituen korrikalariak. Mendiko arriskuei buruz hitz egin dute TXINTXARRI-rekin

"Horrelakoa da mendia". Igaro dira egun batzuk Ehunmilak  mendi lasterketa bertan behera utzi zutela, gauean lehertutako ekaitza indartsu baten erruz. Denbora horretan gertatutakoari buruz hausnartzeko aukera izan dute Jon Lasarte eta Javi Olazagoitia Lasarte-Oriako korrikalariek. Biek pena handiarekin utzi behar izan zuten erronka; "zertxobait  etsita" daude, denboraldiko helburu eta amets guztiak ihes egin baitizkiete. Halere, biak bat datoz: "Ongi hartutako erabakia da. Segurtasuna da lehentasuna". TXINTXARRI-ri kontatu dizkiote ostiral gau trumoitsu hartako bizipenak.

Euria, tximista eta trumoiak. Ilundu bezain pronto hasi ziren gauzak okertzen. 18:00etan irten ziren Beasaindik, 168 kilometroko (ehun milako) ibilbidea egiteko, Gipuzkoako mendiak zeharkatuz. Aurreikusita zuten ekaitza lehertu zitekeela, eta, azkenean, Azpeitian, 53 kilometroren buruan, antolatzaileek erabaki zuten lasterketa bertan behera uztea. 

Ohartarazpena aurretik

"Zer etorriko ote da?". Horixe pentsatu zuen Lasartek irteeran ohartarazi zietenean aurrerago lasterketa eten zitekeela. Gauerdi inguruan hasi zen egoera belzten. "Gorla eta Madarixa inguruan nengoen, 40. kilometroan. Oso gertu sentitzen nituen tximistak, bertan joko balute bezala". 

Olazagoitiak, ordea, ez zuen uste mendiko ultra zapuztera iritsiko zenik eguraldia. "Beste urte batzuetan ere egin dituzte ohartarazpen horiek, eta larunbaterako ona emanda zegoenez, ez nuen uste lasterketari eragingo zionik. Aurreko batean  sekulako ekaitzak jo zuen Aralarren, eta berdin-berdin bukatu genuen lasterketa". 

Esfortzu bete-betean sartuta, korrikalari batzuk ez ziren segituan jabetu arriskuaz. Horixe bera gertatu zitzaien Lasarte-Oriako korrikalariei. Halere, Lasartek ongi hartu zuen erabakia. Madarixa puntan abisatu zioten Azpeitiara jaistean bukatuko zela lasterketa, ezinezkoa zela modu horretan jarraitzea. "Momentuan bertan arrazoia eman nien; horrela ezin ginen ibili. Egunak igarota konturatu naiz aukera bat galdu dudala. Baina ez zegoen ezer egiterik". 

Egun batzuetara, hausnarketa

Olazagoitiak, ordea, hasieran ez zuen ondo jaso antolatzaileen erabakia. "Mendian egona naiz ekaitza betean, eta jarraibideei ongi kasu eginez gero, aurrera egin genezakeela uste nuen. Momentuan haserretu nintzen", onartu du. 

Egun batzuk pasata eta adrenalina jaitsita, konturatu da erabaki egokia zela. "Ez zuen zentzurik arriskatzeak. Ongi egin zuten". Ez dio lasterketa eten izanaren garraztasuna gozatu, baina gutxienez albiste on bat jaso zuen Olazagoitiak: Club Vasco  de Camping elkartearekin podiumera igo zen, taldekako hirugarren postua lortuta. Euskal Herriko Ultra Txapelketa ere bazen. 

Horrelako ekaitzak mendian harrapatuz gero, jarraitu beharreko argibideak eman dituzte bi mendi korrikalariek: bastoiak gorde, eroaleak baitira; zuhaitzekin kontuz ibili, tximistak jotzen badute; taldeak ez egin, tximistak erakartzen baitituzte multzoek; eta oinez ibili. 

Lasterketaren lehenengo herena bukatzear zuten, eta biak "gustura eta fresko" iritsi ziren  Azpeitira. "Esku frenoa jarrita egin nuen lehen zatia, gero datorrelako neketsuena", dio Olazagoitiak. 
Ehunmilak lasterketaz gainera,  G2H Goierriko Bi Handiak ere jokatu zuten une berean, 88 kilometrokoa. Hura ere bertan behera utzi behar izan zuten Larraitzen, Txindokira igo aurretik. Lasarte-Oriako Ivan eta Borja Granado anaiek parte hartu zuten horretan. 

Antolakuntza, "bikain"

Guztira bi lasterketetan 1.000 korrikalari inguru zeuden. Halere, antolatzaileek erakutsi zuten prestatuak zeudela edozertarako. Boluntario eta korrikalarien senitarteko eta lagunak kontutan hartuta, ia 3.000 pertsona zeuden mendian, baina ordu gutxi batzuetan eraman zituzten denak Beasainera, autobusetan. "Ikaragarri azkar hustu zuten mendia. Oso antolakuntza ona da. Suitzan, Frantzian eta beste herrialdetako lasterketetan egona naiz, eta ez dut sekula hemengoa bezain antolakuntza txukuna ikusi", goraipatu du Olazagoitiak. 

Hilabete luzeetako entrenamenduak eta sakrifizioa eskatzen du mendiko ultra baterako prestakuntzak; kanpoko arrazoiengatik denbora hori alferrik galtzea kolpe gogorra da korrikalarientzat. Bakoitzak bere erara egin dio aurre. Lasartek, esaterako, atseden hartuko du, hurrengo urtera arte behintzat. "Ez dut nekatuta bukatu, baina bai zertxobait gogaituta. Jipoi handiak hartu ditut hona iristeko". Kontrara, Olazagoitiak beste ultra batean jarri du burua: Hiru Handiak egingo du, urriaren 20an. "Asko kostata eta arazo batzuekin, baina lortu dut sasoian jartzea. Orain ez dut hori galdu nahi". 

Edonola ere, helburua bete ez arren, poltsikoak bete dituzte eskarmentuz. Hori uste du behintzat Lasartek: "Mendiak asko erakusten dizu. Ez da egun baterako bakarrik. Irakaspen hori bizi osorako daukagu".