Presoen aldarria, ozen eta bizikleta gainean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uztailaren 18a

Uztailaren 22an, igandean iritsiko da 'Orain presoak' bizikleta martxa Lasarte-Oriara. Mont de Marsan eta Zaballako espetxeak modu sinboliko batean lotuko ditu, bizikleta itzuli baten bidez kateatuz. Herritarrak gonbidatu dituzte martxan parte hartzera

Sarek uztailaren 20tik 23ra Mont de Marsan eta Zaballako espetxeak era sinbolikoan lotuko dituen bizikleta itzulia antolatu du. Asteartean, Lasarte-Oriako Sareko kideek ekimenaren berri eman zuten Okendo plazan egindako agerraldian, "Lasarte Orian ere presoen garaia orain dela ozen aldarrikatzen dugulako."

Orain presoak ekimenaren barruko ekintza honek euskal presoen urrunketa eta dispertsioarekin amaitzeko garaia dela aldarrikatzea du helburu. 
Tourrak lau etapa izango ditu;  uztailaren 22an, Lasarte-Oriatik igaroko da 9:30ak aldera, Sareko kideek zehaztu dutenez. Egun horretako ibilbidea Donostia-Altsasu da. Zuloaga plazatik abiatu eta Nafarrorako bidea hartuko du Lasarte-Oriatik barrena. 

"Ezinbestekoa ikusten dugu Donostiatik datorren martxari harrera bero eta jendetsua egitea, baita agur bero bat eskaintzea Altsasura doazenei". 
Honenbestez, Sareko arduradunek herritarrak gonbidatu nahi dituzte martxan parte hartu edo honi babesa ematera. Horretarako aukera ezberdinak daudela zehaztu dute asteartean egindako agerraldian: bizikleta hartu eta Atsobakarko errotonda aldameneko autobus geltokian 9:30ean martxara batu eta herria zeharkatzen duen ibilbidea egitea; ibilbidean zehar babesa eta giroa sortzea; dekorazioa eta azpiegiturarekin laguntzea; ingurukoei ekimenaren berri eman eta izen ematea animatzea... "Ekarpen guztiak eskertuko ditugu, denak baitira ezinbestekoak!," esan dute.

Azkenik, eskerrak aurrez eman nahi izan dizkiete parte hartu edo laguntza lanetan egongo direnei: "Modu batera edo bestera hor egongo zarela badakigunez, aldez aurretik eskerrik asko! Ederra izango da!".