Irteerak, tailerrak, ur-jolasak, ekintza bereziak,... Ttakun Kultur Elkarteko Txokoetako haur eta gaztetxoen jarduerek ez dute etenik. Egunero abentura berri bat da.
Izeba Lili, izeko Mari, aitatxi Manolo, osaba Antxon... Txokoetako familia bereziek ipuinak kontatu dizkiete, eta gaileta gozoak edo esperimentuak nola egin erakutsi. Zezenen aurrean ere lasterka egin dute, San Fermin bezperan. Eta Txikiguayen puzgarriez eta laberintoaz gozatu dute. Gainera, belaunaldien arteko loturak sendotzeko, Atsobakarreko zahar egoitzeko lagunekin eskulanak egin, dantzatu eta jolastu dute. Ederki gozatu dute guztiek, zahar zein gazteek.
HH5 eta LH2 arteko gaztetxoek Aterpea elkarteko dendetara bisitak egin dituzte aste honetan. Jostakirola ekintzaren barruan, ohikoak ez diren kirolak ezagutu dituzte, hala nola, hockeya, akrosport eta kirol egokituak. Honez gain, Urnietako igerilekura eta Astigarragako Sagardo etxera bisitan joan dira.
Zaharrenak batetik bestera dabiltza. Txirringa irteera, Gamarrako igerilekuak eta Getaria Zarautz arteko txangoa egin dituzte. Gainera, herriko auzo elkarteekin lanean misio ezberdinak bete behar izan dituzte. Lehengo astean, esate baterako, Zabaleta auzoko lagunekin altxorraren bila ibili ziren.
Baina oraindik bi aste geratzen dira, eta beste hamaika ekintza egiteko dituzte. Txikiek Txokoetako familia bereziaren ikuskizuna izango dute, eta flashmob bat grabatuko dute. Ertainek ere ez dute aspertzeko astirik izango: dantza, antzerkia, igeriketa saioak, Usurbil eta Zubietara irteerak... Zaharrenek, berriz, sukaldaritza saio bereziak egingo dituzte, herriko gastronomia elkarteen laguntzari esker. Horrez gain, gazteen I. Zinema Lehiaketarako filmak egin, eta bibak irteera ere izango dute.