Ekaineko udalbatzarrean euskararen aurkako erabakia hartu zuen udalbatzarrak: gehiengoak onartu zuen udaltzain kaporal izateko hizkuntza eskakizuna jaistea. Modu horretan, hirugarren profila eskatu beharrean, soilik bigarrena beharko dute. PSE-EEk, ADLOPek eta PPk onartu zuten mozioa. EAJ eta EH Bildu izan ziren aurka bozkatu zuten bakarrak.
Agente kaporalen bost postu sortuko ditu udalak. 2013ko ekainean udalbatzarrak erabaki zuen hirugarren profila eskatzea, eta Euskara Zerbitzuaren txostenak aurkeztu zituen. Orduan, ordea, bestelakoa zen udalbatzarraren osaera; EH Bilduk gobernatzen zuen.
Prozedura
Jon Antxordoki EAJko bozeramaileak ohar bidez azaldu duenez, legez kanpokoa da profilaren aldaketa, ez delako behar bezala arrazoitu. Haren arabera, Administrazio Publikoen Prozedura legea urratu da, eta hori arrazoitzeko txostena aurkeztu du Lasarte-Oriako Udaleko erregistroan.
Jesus Zaballos alkateak ekaineko udalbatzar hartan argudiatu zuenez, udalbatzarraren osaera aldatu da, eta, beraz, "arrazoi politikoengatik" beheratu dute udaltzain kaporalen hizkuntza eskakizuna. Ez zituen kontutan hartu euskara normalizatzeko ahaleginak, ezta Hizkuntza Politika Sailburuaren gomendioak.
EAJk ekaineko udalbatzarrean eskatu zuen gaia atzeratzea, prozedura legea urratu ez zedin. Halere, ez zuten proposamena onartu, eta azkenean apaldu zituzten kaporal agenteen hizkuntza eskakizunak. ADLOPek argudiatu zuen udaltzainekin hitz egin zuela, eta "praktikotasunagatik" adostu zuela soilik bigarren profila eskatzea.
Helegitea
Orain, EAJk aurkeztutako helegitean ondokoa arrazoitzen du: 2013an kaporal agenteen zereginak aztertu zituela Euskara Zerbitzuak, eta txosten tekniko batean ondorioztatu zuela lanpostu horri zegokion hizkuntza eskakizuna hirugarren profila zela. Gainera, txosten horretan arrazoitutakoa berresten du Hizkuntza Politika Sailburuak; herri administrazioetan euskara normalizatzeko eta indartzeko irizpideak finkatuta ditu Eusko Jaurlaritzak.
Antxordokik salatu duenez, udalbatzarrean hartutako erabakiak legez kontrakoak izan dira, irizpide teknikoekin hartutako erabakia arrazoitu gabe irauli delako. "Ezinbestekoak diren txostenak eskatu gabe hartu da erabakia". Azken udalbatzarrean ere gaia atera du EAJko bozeramaileak, eta alkateak erantzun dio helegiteak aztertzean erantzungo diotela.